- Portuarrak. Begirada historiko bat Hondarribiko itsas-komunitateari izenburuarekin, Aritz Diez Oronoz hondarribiarrak eta Josu Narbarte irundarrak Magdalena kuboaren eta Arroka puntaren artean zegoen arrantzaleen auzoaren historia ikertuko dute, bakoitzak bere lan arlotik. Izan ere, Narbarte arkeologoa, Euskal Herriko Uunibertsitateko doktorea eta Aranzadiko kidea da, eta, bestalde, Diez arkitektoa eta EHUko irakaslea da, ondare arkitektonikoaren zaharberrikuntza eta ikerketan espezializatuta.

Hondarribiko alkatea eta Arma Plaza Fundazioko presidentea den Txomin Sagarzazuk oso pozik agertu zen pasa den ostiralean, lan garailearen aurkezpenean, Hondarribiko Udalaren I. Enrike Lekuona Ikerketa Bekaren deialdira aurkeztutako bederatzi proiektuek "oso maila akademiko altuko lanak" burutzea proposatzen zutelako. Alkateak gogorarazi zuenez, Udalak 2020ean jarri zuen martxan Enrike Lekuona ikerketa bekaren proiektua urte askoz hiriko itsas ondarea berreskuratzen eta beste hainbat alorretan lan egin zuen itsas ingeniari eta ikertzaile hondarribiarraren omenez.

Beraz, bekaren helburu nagusia itsasoari, Hondarribiko ondareari eta euskarari lotutako ikerketak bultzatzea da. Bi garaileak hautatutako gaia, arrantzaleen auzoaren historia, irizpide horiekin bat egiteaz gain, orain arte oso gutxi landu den ikerketa eremu bat dela nabarmendu zuen Diezek. Narbartek, bere aldetik, oso konten agertu zen beka lortu izateagatik eta eskerrak eman zizkion bere lankideri, proiektuaren "hasierako ideia Aritzena izan zelako". Ikerketa burutzeko urte eta erdi izango dute.

Lekuonaren familiaren aldetik, bere alarguna den Miren Legorburuk eskerrak eman zizkien Udalari, alkateari eta baita EH Bilduko Hondarribiko bozeramaileari, Xabier Isasi, azken urteetan bekaren proiektua aurrera ateratzeko egin duen lanarengatik. "Enrike oso harro zegoen portuarra izateaz, eta beka deialdi bat egingo zela jakinarazi zigutenean, poz handiz hartu genuen", adierazi zuen Legorburuk.