- Beste urte batez Uda Jolas programa antolatuko da uztailean, Hondarribiko Udaleko Gazteria Departamentuak antolatuta. Bihar, martxoak 22, irekiko dira udaleku hauetarako aurretiko izenemateak, Maria Serranok, arloaren ardura duen zinegotziak jakitera eman duenez.

Pasa den udaran departamentuak programa aurrera eraman zuen arren, pandemiak udalekuen bigarren txanda ospatzea eragotzi zuen, uztailean zehar kasuak gora egin zuten ahala Udalak programa bertan behera uztea erabaki baitzuen. Aurtengoan, Serranok departamentutik bizitzen ari garen egoeraren jakitun direla azpimarratu zuen. "Alarma egoera jardunean dago, baina Udaletik argi dugu jarduera hau burutzen jarraitu behar dugula, beti ere segurtasun eta osasun neurriak bermatuta", argudiatu zuen zinegotziak.

Beraz, Serranok programan izena emateko lehenengo urratsa bihar hasiko den astean gauzatu beharko dela iragarri zuen, aurretiko izenemateak datorren ostiralean itxiko baitira. Tramite hau egiteko bi bide egongo direla azaldu zuen zinegotziak: batetik, online egitea, hondarribia.eus udal webgunearen bidez, eta bestetik, telefonoz, Gazteen Zerbitzuko 943 644 752 zenbakira deituz, astelehenetik ostiralera 16.30etik 19.30era edo larunbatean 10.00etatik 13.00etara. "Gauden alarma egoeran, Udaletik aurre izenamateak egiteko web orria erabiltzea eskatzen da", gehitu zuen Serranok.

Inskripzioak egiterakoan Uda Jolasen parte hartu nahi duen umearen datu hauek eskatuko dira: izena, bi abizenak, jaiotze data, helbide osoa, telefonoa eta ikastetxea. Anai-arreba bat baino gehiago izanez gero, izenematea bakarka edo taldean egin liteke. Gazteria Departamentutik gogorarazi zutenez, aurten ekimena 2010 eta 2016 bitartean jaiotako haurreentzat bidetatuta egongo da, hau da, bost eta hamaika urte bitarte dituztenen-tzat. Haur parte-hartzaileek Hondarribian erroldatuak egon beharko dira eta, udalekuak euskaraz izango direnez, hizkuntza jarduteko gai izan beharko dira.

Zinegotziak Uda Jolasen bi txanden datak ere jakitera eman zituen. Hala, lehenengo txanda uztailaren 1etik 15era izango da, eta bigarrena 16tik 30era. Ekimena Talaia Bordari LHI zentroan izango da (Baserritar Etorbidea, 51) eta kuota 40eurokoa da lehen seme-alabarengatik eta 35 eurokoa bigarrenetik aurrera.