- Ugaldetxon, Oiartzun eta Urdanitibar erreketan garbiketa egin zuen Oiartzungo Udalak joan den astean. Jakitera eman zuenez, bi egunetan, tona bat hondakin baino gehiago jaso ziren.

Bildutako hondakin gehienak on-tzi arinak izan ziren, baina oraindik denetarik agertzen da erreketan: erosketa orgak, pneumatikoak, telebistak, maletak...

"Errekak ez dira hondakinak botatzeko guneak. Gure inguruak zaintzea denon ardura da eta gizarteak kontzientzia hartzea ezinbestekoa da", adierazi zuten Udaletik.

Horretarako, Udalak ezinbestekotzat ditu azken urteetan herriko eragile ezberdinak egiten ari diren sentsibilizazio kanpainak.

Adibidez, Abaraxka ludotekak hainbatetan antolatu izan ditu errekak garbitzeko hitzorduak, baita udalekuetan parte hartzen duten gaztetxoek ere.

Baina Oiartzungo gazteak ibaien garbiketarekin ezezik, basoetako berreskuratzearekin ere konprometituak daude.

Honela egunotan, Gurutze auzoan sagarrondoak aldatuko dituzte herriko ikasleek. Hiru egunetan, eremuan landaketak egingo dituzte Haurtzaro Ikastolako, Elizalde Herri Eskolako eta Elizalde Institutuko ikasleek.

Horrela, Udalak eta herriko ikastetxeek elkarlanean basoa errekuperatzen jarraituko dute.