- Oiartzungo Udala eta Abaraxka ludoteka uztaileko udaleku irekiak antolatzen hasi dira. Horretarako, martxoaren 15etik 28ra aurrematrikulazio epea irekiko da, udal webgunean aurki daitekeen online galdetegia betez.

Zerbitzu hau HH3tik LH6 maila arteko haurrentzako antolatuko da. Udalekuetan parte hartzeko Oiar-tzunen erroldatuak egon edo Oiar-tzungo ikastetxeetan ikasi beharko dute haurrek.

Udaleku irekiek toki mugatua izango dute: 400 haur. Covid-19ak eragindako osasun larrialdiaren unean uneko egoeraren arabera egingo edo moldatuko dira udaleku irekiak.

Ekintzak uztailaren 1etik 30era izango dira. Azken urteetan ohikoa den bezala, hilabete osoz edo hamabostaldika parte hartzeko aukera izango da. Txandak hauek izango dira: uztailaren 1etik 15era eta 16tik 30era. Goizero, 9.30etik 13.30era izango dira udalekuak.

Abaraxka ludotekak urte osoan lantzen dituen balore hezitzaileak aintzat hartuta, ongi pasatzea izango da udalekuen helburua, adierazi dute antolatzaileek.

Behin betiko matrikula aurrerago (maiatzean) egin beharko da. Horretarako, nahitaezkoa izango da orain behin-behineko matrikula egitea. Dokumentazioa eta ordainketak matrikularekin batera egingo dira.

Informazio gehiago udalekuak.oiartzun@gmail.com helbidera idatzita; 943 506 412 edo 645 005 496 telefonoetara deituta edota Abaraxka ludotekan bertan (astelehenetik ostiralera, 16.15etik 19.00etara) jaso daiteke.