- Hondarribiko aurtengo Emakumeen Egunak bere irudia badu: Ricardo Díaz toledarraren Junturak kartela. Honen berri eman zuten atzo Maria Serrano zinegotziak eta María Jesús Berrotaran eta Tzane Carrillo Emekiko kideek, martxoak 8aren harira Udalak eta emakumeen elkarteak prestatu duten programazioa ezagutarazteko eskaini zuten agerraldian.

Lehenik eta behin, kartel lehiaketan parte hartu duten lanen erakusketa bat antolatu da Arma Plazako bigarren solairuan. Díazen lan garaileaz gain, beste 43 proposamen bateratzen dituen erakusketa martxoaren 8ra arte egongo da ikusgai.

Bestalde, Nieves Alza, Hondarribia-Irun saskibaloi taldearen lehendakari ohia, hitzaldi bat eskainiko du bihar, 19.00etan, Kultur Etxean. Etzi, ordea, Lupe Lekuona ipuin kontalariak saio bat egingo du, 17.30ean, Emekiko Molla ibilbideko instalakuntzetan. Ondoren, martxoaren 6ean, Sufragistas pelikula proiektatuko da Itsas Etxean, 18.30ean.

Programazioari amaiera emateko, martxoaren 7an Emeki elkartearen 30. urteurrena ospatzeko ibilaldi bat antolatu da. Ibilbidea Mendelutik hasiko da, 11.00etan, eta parte-har-tzaileak orain dela gutxi berrizendatu den Martxoak 8 plazara (lehen Korreoseko plazatxoa zena) abiatuko dira. Osasun neurriak direla eta, martxaren formatua datozen egunetan zehaztuko da.