- Amazoneko banaketa zentro bat ezartzeari buruz eragile batzuk aurkeztutako mozioa aho batez onartu zen Oiartzungo Udaleko urteko lehen ohiko batzarran. Jeltzaleak “merkatu txikiaren alde agertzen direla beti” gogorazi du komunikabideei bidalitako ohar batean Janire Mitxelenak, EAJ/PNVko udal taldearen izenean.

Horregatik, azpimarratu duenez, merkatu txikia indartzeko hainbat proposamen eraman zituzten aurrekontuak landu zirenean; merkatarien egoera bere kezketako bat ere badelako. Eramandako proposamen guztietatik bakarra hartu zuen udal Gobernuak kontuan: merkatarientzat aholkularitza zentroaren proiektua. Zerbitzu honek herriko zein lokal dauden libre informatuko du, zein diren momentuan dauden dirulaguntzak, negozioen traspasoaz informatuko du, e.a. “Proiektu hori, aurrekontuetan islatuta gelditu bazen ere, esan behar dugu 2021 hasi denetik ez dugula proiektu horren aurrerapausoen berririk izan, jakinda merkatarien egoera oso zaila dela”, kritikatu du.

Gauzak horrela, EAJk laguntza zuzen gehiago eskatu ditu: “Saltoki txikien egoerak okerrera egiten du erritmo bizian, proiektu sendo eta errealak sortu behar direla uste dugu. Batez ere, egiturazko lagun-tzak ematea, bai alokairuak ordain-tzeko, bai Udalaren lokalak lagapenean emanez, eta, batez ere, aro digitalera sartzeko bilakaera indartuz”. Jeltzaleek “bono gutxiago eta bertako komertzio txikiaren aldeko proposamen eta neurri zehatz gehiago” eskatu dituzte.