Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkatearen 2020aren balantzea argi uzten du iazko egoeraren kudeaketak erronka handiak sortu zituela tokiko administrazioan pandemia egoera dela eta. Sagarzazuk berak zioenez, “pandemiak hankaz gora bota dizkigu denoi aurreikuspen asko”. Hala ere, alkatearen ustez, Hondarribiko hiritarrek eta Udalak ondo erantzun zioten COVID-19ak sortutako krisiari, “egoera berrian unean uneko egokitzeak eta moldaketak eginez”.

Iazko errepasoan, Sagarzazuk Udalak pandemiari aurre egiteko landu zituen hiru lerro nagusiak gogorarazi zituen. Horietako lehenengoa hiriko pertsonei eta familiei laguntzea izan zen, alde batetik, “osasun arloko bertako arduradunekin eta langileekin etengabeko harremanaren bidez”: Bestetik, “behin eta berriz sortutako dekretu eta lege-arau nagusiak betetzeko eta betearazteko” lanaren bidez, eta azkenik, Gizarte Zerbitzuetako arloak abiarazitako ezohiko zerbitzuen eta diru-laguntzen bidez.

Udalaren bigarren kudeaketa lerroa tokiko ekonomia suspertzea zuen xede. Helburu hori lortzeko, administrazioak zuzeneko diru-laguntzak deitu zituen, erosketa bonoak martxan jarri zituen, bide publikoen erabilketaren tasa eta uraren eta hondakinen zergak (azken hauek Txingudiko Zerbitzuaken bidez) ez zituen kobratu eta ekintzailetza sustatzeko laguntzak aurrera eraman zituen.

Azkenik, udal zerbitzuak eta ohikoak diren hainbat jarduera baldin-tza berrietara egokitu zituen Udalak. Ildo horretan, eta iraileko jaiak bertan behera utzi ziren arren, urteko kultur jardueren programazioa ez zen murriztu 2020an, Euskaraldiak 1.800 parte-hartzaile izan zituen Hondarribian eta udaran hondartza erabili ahal izan zen.

Aurtengo udal ekintzari begira, aurrekontuak dagoeneko onartuak daudela gogorarazi zuen Sagarzazuk. Alkatearen balantze osoa, ia 20 minutu irauten duen ikus-en-tzunen batean, Udalaren YouTubeko kanalean (Hondarribiko Udala) ikusgai dago.