- Datorren larunbatean, urriak 24, Kukai Dan-tza Taldeak Fair Play ikuskizuna aurkeztuko du Hondarribian. Ekitaldia 20.00etan hasiko da eta Kasino Zaharraren lorategietan egitekoa bazen ere, azkenean ikuskizuna Jostaldi pilotalekura pasa da. Hasiera batean, emanaldia abuztuaren 28an egitekoa zen Hondarribian, baina atzeratu egin zen. Horregatik, larunbatean emanaldia ikusi ahal izateko ezinbestekoa izango da abuztuan gonbidapena lortu izatea, sarrerak agortu baitziren. Fair Play ikuskizuna Real Sociedad eta Corner Festibalak egindako eskari baten ondoren sortu zuen Kukaik eta bere helburua futbolari zenbait balore eta izaera bat jartzea da. Izan ere, dantza emanaldiko sinopsiak adierazten duenez, "errespetua, ahalegina, talde lana edota umiltasuna aldagela zein kamerino bateko oinarri dira, antzoki zein estadio batekoak".