- COVID-19aren osasun krisialdia indarrean egon arren, Lezoko Udalak ludoteka zerbitzua eskainiko du aurten ere.

Ingurugiro honetan, izen-ematea, halaber, gaur zabalduko da eta Internet bidezko matrikulazioa lehenetsiko da. Horretarako, interesdunek udala.lezo.eus/ludoteka-2020-2021 webgunera jo beharko dute. Posible ez dutenek, Kultur saileko bulegoetan egin ahal izango dute izen-ematea, 8.30etik 13.30era ordutegian.

Matrikula egin ahal izateko haurrak Lezon erroldatuta edo Lezoko ikastetxeetan matrikulatuta egon behar du. Ikasturtearen kostua 50 eurokoa da, nahiz eta bi salbuespen egoera egon: familia ugariko kide izatea edo prestazio ekonomikoen onuraduna izatea.

Gauzak horrela, aurtengoan zerbitzua sei eta hamar urte bitarteko haurrei eskainiko zaie eta plaza kopurua aurreko urteetan baino mugatuagoa izango da, 30 haurrentzat, hain zuzen. Kopuru hori gaindituz gero, matrikulatutako haur guztien artean ordutegien banaketa bideratzeko zozketa egingo da.

Ikasturtea azaroaren 2an, astelehenean, hasiko da eta zerbitzua eskainiko den azken eguna 2021eko ekainaren 25a izango da. Zerbitzua 16.30etik 19.30era eskaintzen da eta protokolo zorrotza landu da.