- Aurtengo Euskaraldiaren edizioko berritasun nagusirako, ariguneetarako, izen-emateak bihar bertan itxiko dira eta, momentuz, hiriko 30 entitate inguruk ekimenean arigune bezala parte hartuko dutela baieztatu dute. Datua Aritz Enparan Hondarribiko Euskaraldirako Herri Batzordeko dinamizatzaileak eskaini zuen atzo, hiriko ekimenaren aurkezpenean.

Aurtengoan, hamabost eguneko ariketa soziala proposatuko du Euskaraldiak, eta euskaraz ulertzen duten 16 urtetik gorako Euskal Herri osoko herritar guztiek hartu ahal izango dute parte. Ildo horretan, 2018an erabili ziren rolak, ahobizi eta belarriprest, izango dira aurten ere herritarrek bete ahal izango dituztenak. Norbanakoek ekimenean parte hartzeko izen-emateak aste honetatik zabalik daude eta horrela mantenduko dira Euskaraldiaren hasieraren bezperara arte, azaroaren 19ra arte.

Inskripzioa egiterako eta rola erabakitzerako orduan, Enparanek azaldu zuenez, garrantzitsua da ulertzea Ahobizien eta Belarripresten arteko desberdintasun nagusia ez dela euskararen ezagutza maila, baizik eta hizkuntza erabiltzeko edo entzuteko konpromiso maila. "Aurrekoan ekimena berria zen eta guztioi pixka bat kostatu zitzaigun rol baikoitza zer den ulertzea", zioen Enparanek, "adibide bat jartzearren, euskaldun zahar batek, edozein arrazoiengatikan, bi aste horietan beti euskaraz hasteko konpromisoa hartu ez nahi badu, belarriprest moduan izena eman dezake".

Hondarribiko Euskaraldirako Herri Batzarrak oraingoz egin duen lanketaren berri ere eman zuen dinamizatzaileak: azken asteetan lan taldea ariguneak garatzeko lanetan ibili da, ahalik eta hiriko entitate gehienek izena emateko eta euskara erabiltzeko gune hauek eratzeko helburuarekin. "Konpromiso horiek Euskaraldiak irauten duen hamabost egun horietarako badira ere, gerora konpromisoa luzatzen bada, are eta hobeto; azken finean, ahobizi eta belarriprestekin gertatzen den bezala, hori da Euskaraldiaren helburua", jarraitu zuen Enparanek.

Hondarribiko ariguneak sortzeko lanketa ez da erraza izan; hain zuzen ere, pandemiak lan egiteko moduak erabat baldintzatu ditu Euskaraldian ere, eta hiriko Herri Batzarreko bilera guztiak telematikoki ospatu behar izan dira aurten. Hala ere, entitateekin harremanetan jartzerako orduan, lan taldeko kideek aurrez aurreko bilkura batzuk egiteko aukera izan dutela azaldu zuen Enparanek. Beste kasu askotan, aldiz, komunikazioak telefonoz edo posta elektronikoz gauzatu ziren.

Komunikazio lan horri esker, Hondarribiak 30 arigune inguru izango ditu Euskaraldian eta ekimenean hirian oso ezagunak diren hainbat entitatek parte hartuko dute, esaterako, Hondarribia Arraun Elkartea, portuko sare konpontzaileak, Endanea, Billabak abesbatza, Hondarribiko Futbol Elkartea, Laboral Kutxa, Alarde Fundazioa, Sustraiak edota Blagan Euskara Elkartea. Udalari dagokionez, Maria Serrano Euskarako zinegotziak udaletxean arigune bat sortzeko izena emanda dagoela iragarri zuen.

Enparanek zioenez, nahiz eta lehen une batean ariguneen berritasunak zenbait zalantza eragin zituen entitateetan, gune hauek zer izango diren eta hauen funtzionamendua nola izango den jakinda, ariguneek "oso harrera ona" izan dute Hondarribiko eragileen artean. Pauso hori atzean utzita, orain hiritarren txanda izango da Euskaraldira gehitzeko.

Pandemiak Euskaraldiaren lanketa zaildu duen arren, Herri Batzarrak hiriko entitateekin lanketa sakona gauzatu du azken asteetan