- Udazkenerako ekitaldi sorta zabal baten prestakuntzan murgilduta dago Hondarribiko Udaleko Kultura arloa udako denboraldia atzean utzi ondoren. Momentuz, urriko programazioak aktibitateek lehen pauso handi bat suposatuko dute datozen hilabeteetan kultura sustatzeko.

Txomin Sagarzazu alkateak eta Juan Luis Silanes zinegotziak aste honetan aurkeztu duten programazioak ikuspegi zabal bat badu ere, an-tzerkia izango da disziplina nagusia, konfinamenduan bertan behera utzitako zenbait ekitaldi orain berreskuratuko direlako.

Musikaren atalean ekitaldi nagusiak urriaren 10ean eta 11an ospatuko den Fenomena jaialdia eta urriaren 16an Eñaut Elorrietak eskainiko duen kontzertua dira. Dantzari dagokionez, Kukai Dantza Taldearen Fair play ikuskizuna da aurreikusitako ekitaldi handiena.

Urriko agenda aurkezteaz gain, udako programazioaren balorazioa ere egin zuen Sagarzazuk. Alkatearen ustez, azken hilabeetako balan-tzea "oso positiboa" da. Izan ere, antolatutako 21 jarduerek 2.500 ikusle inguru izan zituzten.