- Errenteriako entitateak martxan daude. Izan ere, herriko 23 entitatek 2020ko Euskaraldian ariguneak osatzeko konpromisoa hartu dute.

Euskaraldiaren helburu nagusia, herritarren hizkuntza ohiturak aldatuta, euskararen erabilera handitzea da. 2020an, azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo da ariketa eta aurten, norbanako bezala (ahobizi edo belarriprest izanez), parte hartzeko aukeraz gain, taldean parte hartzeko aukera ere izango da ariguneen bidez.

Ariguneak, bere izenak azaltzen duen bezala, euskaraz lasai aritzeko guneak dira eta euskaraz hitz egiteko aukera bermatzen dute uneoro, izan entitate barruan (barne ariguneak) edo izan entitateak herritarrekin duen harremanetan (kanpo ariguneak).

Arigune bezala parte hartzeko prest agertu diren Errenteriako taldeak AEK, Bizarain, Don Bosco LHII, Ereintza Dantza Taldea, Ereiten Kultur Zerbitzuak, Eresbil, Errenkoalde, Errenteria Musikal, Udal Euskaltegia, Udala, Gaztedi, Hibaika, Jaso Administrazioak SM, Laboral Kutxa, Lau Haizetara, Oarsobidasoko Hitza, Ondu Fisioterapia, Orereta Ikastola, Rekalde 21 Corporación, Touring eta Zituene dira.

Alabaina, entitate berriek bere izena eman dezakete, prozesua zabalik baitago. Arigune izateko, euskaraldia.eus webgunean aurkitu dute informazio guztia.