- Errenteriako EAJ/PNV udal taldeak legealdiko lehen urte honen inguruan egin duen balorazioa plazaratu du. COVID-19ak erabat baldintzatu du legealdiko lehen urtearen zati handi bat eta Elixabete Murua jeltzaleen bozeramailearen ustez, legealdi osoa ere baldintzatuko du. Horiek horrela, “bereziki garai zailetan erakutsi daiteke bakoitzak emateko duena”, azpimarratu du.

Oposizioko taldeak azaldu duenez, “udal taldeen artean batzuetan akordioak lortzeko gai izan gara, ordenantza fiskaletan esaterako” beste batzuetan, aldiz, ez da posible izan Muruak azaldu duenez. “2020ko aurrekontuetarako, batez ere hiru ardatzen baitan aurkeztu genituen gure proposamenak, jasangarritasuna eta energia eraginkortasuna, tokiko ekonomia indartzeko neurriak eta gizarte politiketako neurriak” jarraitu du bozeramaile jeltzaleak. “Baina ez zen negoziaketarako aukerarik izan”, gogorazi du. Aldiz, pandemiak bere alde ona ere izan du: “Zorionez, Errenteriako Udaleko talde politiko guztiok bat eginik lan egiteko gai izan gara”.

Etorkizunera begira, adostasunaren bidetik, epe motzera krisiari aurre egiteko lehen neurriak martxan jarrita, epe ertain eta luzera begira lan egiteko garaia da orain, jeltzaleek ustez. “2020ko diru-bilketa murriztuko da eta datozen bizpahiru urteetan ere halaxe gertatzea aurreikus daiteke, beraz, baliabide gutxiagorekin behar gehiagori aurre egitea tokatuko zaie erakundeei”, jeltzaleek diotenez. Garbiñe Oyarbide zinegotziak esan duenez beharrezkoa izango da auzolana, irudimena, eraginkortasuna eta lehentasunak finkatzea.