- Aurtengo Errenteria Film Laburren jaialdiak 25 urte betetzen ditu. Herritarren artean zine zaletasuna sustatzeko asmoz sortu zen eta hala jarraitu du urte guzti hauetan zehar. Aurtengo lehiaketa azaroaren 26tik 29ra ospatuko da, ostegunetik larunbatera bitartean izango dira proiekzioak eta igandean, sari banaketa ekitaldia. Dagoeneko lanak aurkez daitezke.

Izan ere, 25. urteurrena hausnarketarako urtea ere izan da eta, ondorioz, zenbait aldaketekin dator aurtengo ekitaldia. Horietako bat lanak aurkezteko epea aurreratzea izan da. Antolatzaileen esanetan, lehiaketara aurkeztutako lanek eskatzen duten kudeaketa denboraz egin ahal izateko, epe luzeago bat behar zuten. Beraz, lanak aste honetatik abuztuaren 2ra aurkez daitezke.

Aurten, festhome.com plataformaren bitartez soilik aurkeztu ahal izango dira obrak.

Beste aldaketa bat sariei dagokie. “Urte hauetako ibilbideari erreparatuz ikusi da lehiaketara aurkezten diren laburrak ez direla izaten genero bakar batekoak, lan bera izan daiteke adibidez, dokumentala, euskaraz egina eta animazioan oinarritua. Honek lanak aldez aurretik sail batean edo bestean sartzea zekarren. Hori ekiditeko, zabaldu egin dira sarien irizpideak eta ez dira generoaren arabera emango”, aurreratu dute.

16 urtetik gorako egile guztiek dute lana aurkezteko aukera, beti ere, lana 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera egina eta originala bada. Gaia librea da eta 15 minututik beherako iraupena izango dute.