- COVID-19ak eragindako osasun-larrialdi egoera aintzat harturik, eta EUDELek ezarritako jarraibideak betez, Pasaiako Udalak erabaki du 2020ko lau barrutietako jaiak bertan behera uztea.

“Barrutietako jaiek poza eragiten dute, baina barrutietako Jai Batzordeek antolatzen dituzten jardueretan jende asko pilatzen da. Horiek horrela, osasun agintariek ezarritako segurtasun neurriak bermatu ezin direnez, eta pasaitar guztien segurtasun indibidual eta kolektiboa ziurtatzearren; aurten jaiak ez ospa-tzeko erabakia hartu behar izan dugu”, adierazi dute Udaletik.

Honen harira, gazte taldeak “oso haserre”, agertu dira: “Jaiak ohiko moldean egitearen ezintasuna partekatzen dugu guk ere, baina, ez dugu inolaz ere Udalak erabaki hau hartzeko eta komunikatzeko erabili duen modua partekatzen”. Argudiatu dutenez, erabakia Jai Batzordeekin batera eta bertan parte har-tzen duten eragileekin batera hartu beharko litzateke.

Erabaki hau komunikatu “sasi-ofizial” baten bitartez, data eta sinadurarik gabekoa, iritsi zaiela salatu dute; are gehiago, zenbait kasutan sareetatik alkateordearen eskutik baino lehenago izan dutela honen berri baieztatu dute. “Honek, berriro ere agerian utzi du Udal honek herri mugimenduarekin komunika-tzeko duen interes eza eta ezintasuna”, adierazi dute.

Antxoko Topaguneak, Trintxerpeko Korkoiburuek, Donibaneko Ernaik eta San Pedroko Askalitzek, amaitzeko, herrian eragiteko konpromisoa berretsi dute.