- Hondarribiko Udala Santa Maria ateaurrearen inguruan hobekuntza lanak egiten ari da egun hauetan. COVID-19aren krisiarekin aurreikusiak zeuden hobekuntza lanak martxoan eten egin behar izan ziren eta pasa den asteartean berriz hasi ziren. "Zenbait puntu ez zeuden egoera onenean, eta orain, segurtasuna printzipio nagusitzat hartuta eta guneak daukan garrantzia ikusita, egokitze lanak burutzen ari gara inguru honi daukan garrantzia emateko", azaldu zuen Gonzalo Carrionek, Obra eta Zerbitzuetako zinegotziak. Obren helburua San Pedro kaleko lurrean jarritako adokinen antzeko zoladura jartzea izan da, 5.400 euroko aurrekontuarekin. Era berean, eta Udaletik gogorarazi zutenez, inguru honetan pasa den urteko urrian argiztapenean hobekuntzak egin ziren, 37.000ko aurrekontuarekin. Lan sorta honekin Udalaren helburua "Hondarribiak daukan altxor eder honi merezi duen edertasuna ematea da".