- Maskarilla Solidarioak Oarsoaldea talde boluntarioa sortzen ari da, Lezon maskarak egiteko eta gehien behar dituztenei doan banatzeko. Alboan dauden mediku, erizain eta sektore honetan lan egiten duten guztiengana, baita behar dituzten beste sektoreengana ere iritsi nahi dute.

Taldearen sortzaileek egin beharreko maskarei buruzko hainbat zehaztapen eman dituzte. Maskara kirurgikoak dira egin beharrekoak. Osasun arloko profesionalek eskatutakoaren arabera, mota jakin bateko maskarak egitea lehenetsi dute. %100ean kotoizkoak izan beharko dute eta iragazki gisa funtzionatuko duen oihal plastifikatu bat eduki beharko dute, izerdia pasatzen uzteko gai izango dena. Plastikozko oihalik ez duten jostunek irekidura bat utzi beharko dute, maskararen erabiltzaileak filtroa jar dezan. Bestelako irizpideen jakitun ere badira talde honetako kideak eta gogor ari dira lanean.

Oarsoaldea garapen agentzia ahal duen neurrian bere laguntza eskaintzen ari da. Laguntza eskaini nahiko dutenek, beraiekin harremanetan jarri besterik ez dute egin behar maskarillak@gmail.com helbide elektronikoaren bidez.

Irabazi asmorik gabeko ekimen honen sortzaileek arlo desberdinetan behar dute laguntza, baina gehien kosta zaien prozesua logistika dela diote.

Talde honek materiala behar du maskara gehiago egin ahal izateko. Beraz, pertsonaren batek kotoizko oihalak, filtroak, goma elastikoak... eman nahi baditu, Lezon, Famipanen; Oiartzunen, Laboren eta Errenteriako Biteri Txikiko Tahonan utzi beharko ditu.