- Aste Santu honetarako, Hondarribiko kultur ondarea hedatzeko bere helburuarekin bat eginez, Arma Plaza Fundazioak ekimen berri bat martxan jarriko du. Zehazki, eta Juan Luis Silanes, Hondarribiko Kultura zinegotzia eta Fundazioko presidenteordeak azaldu zuenez, ekimenaren oinarria Hondarribiko Aste Santuko datu historikoak hedatzea izango da, bai Fundazioaren sare sozialetan (Facebook, Twitter eta Instagramen), baita bere web orrian ere (armaplaza.eus).

Arma Plazak antolatzen duen Ezagutu zure hiria ekimenaren baitan, 2018ko martxoan Jose Luis Arbelaizek, Koldo Ortegak eta Ion de Pablosek Hondarribiko Aste Santuaren inguruko informazio oso interesgarriak bildu eta zabaldu zituzten, hitzaldi bat eta bisita gidatu bat eskainiz. Datozen egunotan, Aste Santuaren hasierarekin, Fundazioak datu interesgarri horiek aditzera emango ditu berriz ere digitalki.

Gainera, Jose Mari López hondarribiarraren laguntzari esker, Fundazioak bere Hondarribiko postal zaharren bilduma erabili ahal izan du, eta aintzinakoa den (Arma Plazaren arabera, gutxienez XVII. mendekoa) ospakizun liturgiko honen inguruko irudi oso interesgarri eta ezezagunak ikusi ahal izango dituzte hondarribiarrek.

Horrez gain, argazki zaharren aukeraketa bat egin dute Fundaziotik, eta sare sozialen bidez erabiltzaileei parte hartzea eskatuko zaie Hondarribiko Aste Santuko argazki zaharren bilduma zabalagoa izan dadin eta, hala, ospakizunaren inguruko ezagupena handitzeko.