irun - Irun eta Hondarribiko udalek, Bidasoa Bizirik eskualdeko garapen agentziaren Ekintzailetza eta Jarduera Berriaren sailaren bitartez, enpresa ideia eta enpresa proiektuak martxan jar-tzeko 27 laguntza ekonomiko bideratuko ditu datozen asteetan. Diru-laguntza hauek Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren programa baten baitan emango dira.

Zehazki, 1.000 euro bideratuko dira enpresa ideia bat eratzen duten pertsonentzat. Bestetik, 1.500 euro eskainiko dira enpresa proiektu bat martxan jartzen duten pertsonak laguntzeko. Zenbateko hauek %15ean handituko dira, ekintzaile gazteen kasuetan, baldin eta sustatzailea 18 urtetik gorakoa eta 30 urtetik beherakoa bada (eskaera aurkezten duen unean), eta beste %15ean emakumezkoa bada.

Laguntzak eskatzeko ezinbestekoa izango da aldez aurretik Bidasoa Biziriken tutoretza eta aholkularitza prozesua hasi izana. Hortaz, eskaera egin nahi duten horiek derrigorrez joan beharko dute aholkularitza prozesuaren hasiera eta laguntzen aurkezpena izango den bilerara. Bilera otsailaren 19an ospatuko da, Irun Factoryn.

Dirulaguntza deialdi honek enpresa ideia baten sorrera, analisia eta egituraketa posible egitea du helburu, proiektu lokalen testuinguruan prozesu honen tutoretza eta laguntza bideraturik egongo dena.

Era berean, edozein jarduera esparruko negozio ideia definitu bat duten pertsonak laguntzea bilatzen da deialdiarekin, enpresa jarduera abiatzea ahalbidetuko duten beharrezko laguntza eta aholkularitza ekintza desberdinen bitartez.

derrigorrezko Bilera Diru-laguntzak jasotzeko interesa duten pertsona guztiek otsailaren 19an, asteazkena, eguerdiko 13.30ean Irun Factoryn (José Antonio Loidi Bizkarrondo kalea, 8 behea) egingo den bileran parte hartu beharko dute nahitanahiez.

Deialdian parte hartzeko baldin-tzen, eskakizunen edo prozeduraren inguruko xehetasun gehiago ezagutzeko, www.ideiakbizirik.com webgunea kontsultatu, 943 509 600 telefonora deitu edo ekintzailetza@bidasoa-activa.com helbidera posta elektroniko bat bidali daiteke.