hondarribia - Hondarribiko ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako haur guztiek eguneroko bere hamaiketakoak eramateko berrerabilgarriak izango diren bilduki bana izango dute. Aurkezpena ekitaldia atzo burutu zen udaletxean, eta han izan ziren Ama Guadalupekoa, Talaia eta Egiluze ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako zenbait ikasle eta irakasle, baita Txomin Sagarzazu alkatea eta Juan Luis Silanes Hezkun-tza zinegotzia ere.

Denetara Hondarribiko hiru ikastetxeetan 1.044 ikasle daude, eta Udalak 1.100 bilduki prestatu ditu. Udaletxetik ziotenez, ogitartekoa edo hamaiketakoa ikastoletara erosoki eramateko oso aproposak dira bilduki hauek, Boc’n Roll izenekoak. Gainera, bildukia, irekita, mantel bat bihurtzen da, ikasleak “zikintzea edo apurrez betetzea saihesteko balioko duena, baita jolasteko eta ikasteko ere”.

Aurten, Hondarribiko eskoletako Agenda 21ean, ikastetxeak lantzen ari diren gaia elikadura da. Horrez gain, Silanes zinegotziak azaldu zuenez, nagusiki hiru helburu bete nahi ditu ekimenak: alde batetik orain arte erabili den aluminiozko edo plastikozkoa ordezkatzea, bigarrenik, hondakinak murriztea, eta, beraz, ingurumenean duen eragina ere bai, eta azkenik, haurrak kontzientziatzea bilgarri berrerabilgarrien erabileraz.

Bildukia Jaizkibelen aurki daitezkeen flora eta fauna espezie tipikoen marrazkiekin eta dagozkien izenen zerrenda batekin dago ilustratuta. “Haurrek izen bakoitzari dagokion marrazkia aurkitu beharko dute. Horrela, gure inguruan bizi diren landare eta animaliei buruz gehiago ikasiko dute”, jarraitu zuen Silanesek.

Sagarzazu alkateak eskerrak eman zizkien ikasleei “egiten duten lanagatik, eta hau bezalako ekimen politak aurrera eramaten lehenak izango direlako”. “Uste baina garrantzi handiagoa dauka, elikadura egokia eramateaz gain, hondakin gutxiago sortzeko pausu politak ematen dituzuelako”, zioen alkateak.

“Guraso, irakasle eta heldu gisa, ardura bat dugu, eta eredu izateaz gain, lagundu egin behar diegu berrerabilgarriak erabiltzearen garrantziaz jabetzera eta txikitatik ingurumena zaintzen ikasten”, gehitu zuen Sagarzazuk. - J.G.