hondarribia - Hondarribiko Udaleko Zerbitzu eta Obra sailaren urte honetarako aurrekontua 3.837.871 eurokoa dela jakinarazi zuen atzo Gonzalo Carrion zinegotziak. Honek adierazi zuenez, diru kopuru horrekin "orain arte bezala, edo hobeto, gure hiria mantendu nahi da, betiere aurrekontuaren murrizketa kontuan hartuta, gure azpiegiturak eta aukerak hobeto aprobetxatuz".

Carrionek sailak dituen partida desberdinak zerrendatu zituen. Ildo horretan, argiteria publikoa mantentzeko 511.261 euro ditu Hondarribiko Udalak 2020rako, "farolak mantentzeko, hiriaren eraginkortasun energetikoa hobetzeko eta kostuak murrizteko helburuarekin LED bonbilak jartzeko".

Bestalde, parkeak eta lorategiak mantendu eta hobetzeko 707.955 euro inbertituko dira, hilerrirako 129.650 euro, eta hondartza denboraldirako beste 323.029.

Halaber, kaleak garbitzeko 1.049.278 euro erabiliko dira. "Horrek esan nahi du Hondarribiko herritarroi 62 euro kosta-tzen zaigula pertsona bakoitzeko hiria garbi edukitzea", gehitu zuen zinegotziak.

Horrez gain, beste milioi bat izango du beste proiektu batzuk aurrera eramateko; adibidez, udal brigada mantentzeko, edo bide publikoak eraberritzeko. Bukatzeko Carrionek hiritarrek abisuak pasatzea zerbait ez dabilenean edo puskatuta dagoenean oso garrantzitsua dela nabarmendu zuen. - J.G.