irun - Irungo Leka Enea Tenis de Mesa klubak antolatua, Irungo IV. Mahai Tenis Enpresa Txapelketa egingo da datorren urtarrilaren 25ean, Ekialde tabernaren eta Conecta Bidasoaren laguntzarekin.

Joan den edizioan berrogei jokalarik baino gehiagok parte hartu zuten, eta berriro ere joko sistema berrituarekin itzuliko da torneoa, bere partaide guztiek goza dezaten. Gainera, kasu honetan talde onenak zein jokalari onenak sarituko dituzte.

Txapelketa urtarrilaren 25ean egingo da Irungo Sonia Etxazarreta Mahai Tenisaren Teknifikazio Zentroan (Olaketa kalea), 15.30ean hasita eta, gutxi gorabehera, hiru ordu eta erdiko iraupena izango du. Lehiaketa sistemak, alde batetik, banakako jokalari onenak eta, bestetik, talde onenak sarituko ditu, pertsona bera bi kategorietan saritua izan daitekeelarik.

Parte hartzaile guztiekin, talde bakoitzeko kideak beste aurkari batzuekin batera banatuko dira lehiaketa taldeetan, eta horien aurka banaka lehiatuko dira; hiru seteko onenara eta set bakoitza hamaika puntura.

Lehiaketa amaitzean, talde guztietako kide bakoitzak lortutako puntu kopurua taldekideenarekin gehituko da, eta, ondoren, taldekide kopuruaren artean banatuko da, taldeko batez besteko media bat lortzeko. Horrela, talde irabazlea, bigarren sailkatua eta hirugarren sailkatua zein diren zehaztuko dute, eta trofeoekin sarituko dituzte. Era berean, banakako jokalari onenek trofeoak izango dituzte txapeldunarentzat, txapeldunordearentzat eta finalistentzat.

Bi edo hiru jokalariz osatutako talde batekin egin daiteke inskripzioa, eta izen-emateak hamabi euroko prezioa daukate taldeko. Bakarrik jokatu nahiago duten jokalarien kasuan, inskripzioaren prezioa bost eurokoa izango da. Ordainketa honako kontu honetan egin ahal izango da: IBAN 85 2100 6486 78 2100093405 (La Caixa). Izen-ematearen balioa ordaindu eta gero, inskripzioa bukatzeko mezu bat bidali beharko da lekaeneatm.multimedia@gmail.com helbidera ordainagiriarekin. Izen-ematea egiteko azken eguna hilaren 21a izango da. - J.G.