hondarribia - Hondarribiako Udalak jutezko 490 poltsa erosi ditu hiriko azoketako bezeroen artean banatzeko. Kalixa Silanes Ingurumen zinegotziak atzo Damarri plazan adierazi zuenez, "helburua herritarrak berrerabilgarriak diren poltsak erabiltzera bultzatzea eta ondorioz, plastikozko poltsen erabilera eta sortzen ditugun hondakinak murriztea da".

Udaletik azaltzen dutenez, jutea zuntz naturalen artean sendoenetariko eta iraunkorrenetakoa da. Ongarri edo pestizida oso gutxi behar du eta lauzpabost hilabetetan uzta daiteke. "Poltsa oso indartsua da eta iraunkorra da, erosketak arazorik gabe eraman ahal izateko", adierazi zuen Silanesek.

Baserritar eta merkatari bakoitzak bere poltsak izango ditu eta Hondarribian ekoiztutako produktuak erosten dituzten bezeroen artean banatuko dituzte bai asteazkenetan Damarri plazako azokan eta baita larunbateko San Pedro kaleko azokan ere.

Zinegotziak gogorarazi zuenez, hau ez da ekimen honen lehenengo edizioa, "bigarrena izango litzateke"; Udalak jutezko poltsak banatzearen ideia 2018an garatu zuen. Hala ere, orain dela bi urte banatutako poltsak ez bezala, oraingoak Hondarribia markak pasa den urtean estreinatu zuen logo berria daukate.

Bestalde, eta azokari begira, atzokoa, poltsez aparte, beste berritasun nagusi bat izan zuen ere. Halaber, atzo ipini ziren merkatariak erabiltzen dituzten karpen lateral eta sabai berriak lehen aldiz. Karpa berriak hiriko markaren logotipoa daukate inprimatua, Silanesen hitzetan, "marka zabaltzen joateko" xedearekin. - J.G.