hondarribia - Pasa den urtean Hariya erakusketa sortu zuen Estitxu Ortolaiz hondarribiarrak, bertako sare konpontzaileen egunerokotasuna nola den islatzeko argazkilaritzaren bidez. Aurtengoan itsasoari oso lotuta dagoen beste lanbide bat omendu nahi izan du Ortolaizek: bere erakusketa berrian, Axalian, arran-tzaleak dira protagonistak.

Azken urtean egindako hainbat argazkiez osatutako bilduma ikusgai dago atzotik Arma Plazako bulegoetako bigarren solairuan. Bertan, itsasora ateratzen direnean marinelen bizitzak nolakoak diren ezagutu daiteke, bai irudien bidez eta baita Ortolaizek prestatu duen ikus-entzuneko bati esker ere. Sarrera librea da pertsona ororentzat eta Axalian urtarrilaren 26ra arte egongo da ikusgai.

Erakusketa atzoko arratsaldean inauguratu zen, baina goizean Ortolaizek, muntaketan azken ukituak egin ondoren, komunikabideei aurkeztu zien bere lana. "Mila esker Udalari, mila esker kofradiari eta mila esker arrantzale guztiei; oso ondo zaindu didate, laguntza pila bat eman didate denek eta esperientzia kriston polita izan da", adierazi zuen argazkilariak.

Azaldu zuenez, Axalian sortzeko Ortolaizek behin baino gehiagotan ontziratu zen Hondarribiako arran-tzaleekin pasa den urtean eta erakusketan bidai horietako emaitzak ikus daitezke: "Sei egunetako bi marea, eta 26 edo 30 orduko beste bi". Nahiz eta bizitza itsasoan "oso gogorra" izan, Ortolaizek gehiago joateko gogoarekin gelditu dela aitortu zuen.

Arrantzaleekin bizikidetzan aritu ondoren, argazkilariak itsas-gizonen taldean lan egiteko gaitasuna nabarmendu zuen. "Batzuetan koreografia bat dela dirudi, mugimendu guztiak oso neurtuak dituzte", zioen Ortolaizek.

Erakusketaren izenari dagokionez, artistak arrantzaleek gehien erabiltzen zuten hitzak identifikatzeko adi egon zela azaldu zuen. "Joan den urtean sare konpontzaileak gehien erabiltzen zuten hitza hariya zen. Arrantzaleek gehien esaten duten hitza ezin nuen erabili erakusketari izena emateko", argudiatu zuen Ortolaizek, barrez. Azkenean, argazkilaria axalian hitza erabiltzea erabaki zuen: "Arraina axalian dagoenean horrek esan nahi du gosea daukala eta harrapatuko dutela. Bestalde, lan honekin arrantzaleen lana axalian utzi nahi dut eta gerturatzen direnek marinelen axalian jartzea". Gainera, Ortolaizen osabaren itsasontziaren izena Axalian zen.

Argazkilariarekin batera Maria Serrano, Turismo zinegotzia, egon zen atzo erakusketaren aurkezpenean. Serranorentzat lan honek arlo artistiko batetik hiriko tradiziozko ogibide bat ezagutarazteko aukera bikaina eskaintzen du.