hondarribia - Pasa den asteburuan Santiago kalean Gabonetako Merkatuaren laugarren ekitaldia egin zen. Hondarribiako merkatarien 21 erakustokik haien produktuak eskaini zituzten larunbatean eta igandean 11.00etatik 20.00etara kale berean jarritako karpan, Santa Maria Magdalena plazatxoan.

"Jende asko ibili zen bertan, bi egunetan oso eguraldi ona izan genuen. Oso asteburu bizia izan zen, merkatarien postuak, eskulan tailerrak, sukaldaritza tailerrak ospatu baitziren bertan", zioen aste honetan Merkataritza zinegotzi den Maria Serranok.

Aurreko urteetan ekimena Itsas Etxea Auditoriumean egin zen, baina aurten, ordea, Udalak merkatua lekuz aldatzea erabaki zuen. "Merkatariek esan ziguten kalera aterata merkatua gehiago ikusten dela eta jende gehiago hurbiltzeko aukera dagoela. Uste dugu hala izan dela eta beraz Udaletik egiten dugun lehenengo balantzea oso positiboa da, merkatuan merkatariek pozik zeudela adierazi ziguten. Izango da balorazio zehatzagoa egiteko denbora, baina lehenengoak oso positiboa izan behar du", jarraitu zuen zinegotziak.

Serranok eskerrak eman zizkien "Gabonetako Merkatuan eta kanpaina osoan parte hartzen duten merkatariei". Zinegotziak azaldu zuenez, urtetik urtera parte hartzen duten merkatari kopuruak "gora egiten du" eta Gabonetan tokiko merkataritza sustazeko bidea ibiltzen ari da Udalak: "Horretan gabiltzan guztiok gauza bera nahi dugu, Hondarribiko merkataritza balioan jarri eta ezagutaraztea".

Merkatarien postuez gain, merkatuan hainbat ekimen burutu ziren asteburuan zehar; esaterako, Santa Maria Magdalena tailerrak eskainitako haurrentzako eskulan tailerra, Maddi Sormenak egin zuen turbanteak nola janzteko tailerra, edota helduentzako makillake tailerra. Bertan ere izan zen Tatapas Tabernako sukaldariak, Adur Arrieta, showcooking bat eskaintzen bisitariei. - J.G.