Udako etenaldiaren aurretik, Kulturarteko Plaza Feministak ekainerako prestatutako egitaraua aurkeztu du. Hernaniko ekipamenduak erakusketa berri bat eta amatasuarekin lotatutako hainbat ekimen ondu ditu.

Batetik, bihar Ángeles de la guarda izeneko argazki erakusketaren irekiera izango da. Peruko emakume migranteen seme-alabei eta haien zaintzaileei euren jatorrizko herrialdean eginiko argazkiak dira. Inaugurazioa 17.00etan izango da Bidez Bide elkartearen eskutik. Ekitaldi hau gazteleraz izango da.

Bestetik, bi ekimen egongo dira. Ekainaren 8an, Magalek Etxean erditu eta jaio hitzaldia eskainiko du euskaraz 17.00etan eta ekainaren 10ean berriz, Parketik Plazara, Amatasunen Topaketa burutuko da goizean zehar, 10.30etik 13.00etara, Ama Feministen Taldeak antolatuta. Azkeneko ekitaldi honetan parte-hartzea errazteko zaintza zerbi-tzua eskainiko da, baina eskaera gaur bertan aurkeztu beharko da.

Bestalde, Kulturarteko Plaza Feministatik kanpo ere, feminismoarekin eta kulturartekotasunarekin lotutako bi ekimen ere antolatu dira.

Joan den igandean, Atsegindegi plazan Amher SOS Arrazakeriak jaialdi gastronomikoa antolatu zuen.

Hurrengo hitzordua, ekainaren 15ean izango da. 20.30ean Biteri kultur etxean Eulizakuaren zarata herri antzerkia eskainiko da. Gonbidapenak Kulturarteko Plaza Feministan edo Kide tabernan eskuratu daitezke. Emanaldia euskaraz izango da, baina gaztelerara eta zeinu hizkuntzara aldibereko itzulpena egongo da.

Amaitzeko, Kulturarteko Plaza Feministak jakinarazi du aukera egonen dela hitzorduetarako emakumeentzako aholkularitza juridikoa zerbitzuan, ekainean eta uztailean zehar. Bertan emakumeenganako diskriminazio eta indarkeria egoeren gaineko informazio juridikoa eskaintzen da ikuspegi feministatik. Langai dira, besteak beste, indarkeria matxista, banaketa zein dibortzio-prozesuak, mantenu pentsioa ez ordaintzea, bisita erregimenak ez betetzea edota enplegu alorreko eskubide urraketak.

Ordutegia

Azkenik, Kulturarteko Plaza Feministako ordutegiari dagokionez, San Joan jaiak direla eta, ekainaren 23an, ostiralean, arratsaldez itxita egonen da eta ekainaren 26an, astelehenean ere, itxita egongo da. Uztailean eta abuztuan berriz, astelehenetik ostiralera egonen da irekita, 9.30etatik 14.00etara.