Orioko udal kanpina irekita dago jada. Azaroaren 13ra arte egongo da zabalik. Horrekin batera Boga-Boga taberna, jatetxea eta supermerkatua ere ireki dira. 38 bezero finkorekin zabalduko da.

Bi berrikuntza nagusi izango ditu aurten. Alde batetik, eraikin nagusiaren teilatuan jarri diren eguzki-plakak. Haien bidez, kanpina, Zaragueta eskola eta hondartzako kabinak energia fotoboltaikoarekin hornituko dira.

Udalak 2019an egin zuen energia-iturri berriztagarriaren aldeko apustua eta ura berotzeko eguzki-plaka termikoak jarri zituen aurrena eta orain beste urrats garrantzitsu bat eman du kanpinak, teilatuko eguzki-plaka berriak jarrita.

Bigarren berrikuntza, aldiz, erreserbak eta chekin-ak egiteko online sistema berria da: “Aurretik genituen zailtasunei erantzuna ematera dator berrikuntza hau. Azkarragoa da, seguruagoa eta akatsik gabekoa. Helburu nagusia bezeroen itxarote-denbora murriztea da. Horrela, gurekin izango duten esperientzia hobetu nahi dugu”, nabarmendu du Jone Olaskoagak, udal kanpineko zuzendaria.