EH Bilduk iragarri du Andoni Alvarez Lete izango dela 2023ko udal hauteskundeetan zerrenda burua. Iraila amaieran EH Bilduko mahai politikoak proposatu zuen alkategai eta ordutik hona barne prozesua eman da.

Bozketaren emaitza jakin ondoren, Andoni Alvarezek bideo bat publikatu du sare sozialetan honako mezurekin: “Andoaingo EH Bilduko oinarriak proposatuta eta bozkatuta ni izango naiz 2023ko udal hauteskundetan EH Bilduko hautagaia. Oso pozik eta eskertuta nago EH Bilduko oinarriarekin eta ilusioz eta erantzukizunez lana egingo dudala adierazi nahi diet Andoaingo herritarrei. Legealdi honetan argi geratzen ari da Andoainek lidergo berri bat behar duela. Udalak eta herritarrek norabide berean lan egingo duten lidergo partekatu bat, eta hori lor-tzen saiatuko naiz buru belarri. Erronka itzela dugu esku artean baina guztiok batera lortuko dugu”. Gaur egun Andoni Alvarez da EH Bilduren bozeramailea Andoaingo Udalean.