Ikasturteko lehenengo bilera burutuko du Usurbilgo Energia Berriztagarrien Komunitateak (EBK) asteazken honetan Potxoenean, 18.00etan. Udaberrian hasi zuen bidea eta jadanik taldearen helburuak finkatu dituzte, EBKren ardatz izango direnak, eta hiru lantalde sortu dituzte.

Lantaldeei dagokienez, batetik, proiektuen lantaldea dago: komunitateak zein proiektu bultza ditzakeen aztertuko du. Bestetik, komunikazioaren eta komunitatearen lantaldeak Usurbilgo EBKren izena eta logoa landuko ditu, bere jardunaren berri eman, partaide berriei harrera egin, eta, oro har, komunikazioari lotutako lanak bere gain hartuko ditu. Azkenik, lantalde juridiko-administratiboak EBKren bideragarritasuna aztertuko du, kooperatibaren estatutuak landu, eta abar.

Energia pertsonen zein komunitatearen ongizaterako ezinbesteko elementutzat jota, energiarekiko lotura aztertu nahi du Usurbilgo EBKk, eta herritarrak oinarri eta abiapuntu izango dituen alternatiba bat eskaintzen saiatu nahi du, energia subiranotasunaren eta jasangarritasunaren bila. EBKren informazio guztia udal webgunean dago.