Artemandoline taldeak joko du bihar Antioko Musikaldian. 17an Landarbaso abesbatzak abestuko du, 24an Steven Lin pianistak joko du eta urriaren 2an Juanma Begiristain eta Gorka Hermosa urretxuarrek joko dute.

Biharko, 17ko eta 24ko kontzertuak Antion izango dira eta azkena Ezkioko Igartubeiti baserrian. Zumarragakoak 19.30ean izango dira eta Ezkiokoa 18.00etan. Antiora joateko autobus zerbitzua egongo da. 19.00etan aterako da, Elizkaletik.

Bihar Antion joko duen Artemandoline taldeak Luz y norte kontzertua egingo du. Talde hau Luxenburgon sortu zen duela 20 urte eta sei musikarik osatzen dute. Mandolina barrokoarentzat konposatutako musikan espezializatutako talde bakarra da. Mandolina barrokoak indar handia izan zuen XVII. eta XVIII. mendeetan.

Landarbaso abesbatzak Elkano eta itsasoan lan egiten duten emakumeak omenduko ditu. Haur abesba-tzak, koru mistoak, musikariek eta aktore batek parte hartuko dute. Landarbaso abesbatza 1991n sortu zen.

Hilaren 24an Steven Linek joko du. Pianista honek Tel Aviveko Arthur Rubinstein lehiaketa irabazi zuen. Bere belaunaldiko artista esangura-tsuenen artean dago. 12 urterekin New Yorkeko filarmonikarekin jo zuen eta duela gutxi Carnegie Hall areto ospetsuan jo zuen. New York Times egunkariak bere lana goraipatu zuen.

Horretaz gain, mundu osoko orkestrekin jo du. Hilaren 26ko astean, Antioko kontzertuaren ondoren, master class bat egingo du Secundino Esnaola musika eskolan.

Azkeneko kontzertua Gorka Hermosa akordeoilariak eta Juanma Begiristain klarinete-jotzaileak egingo dute, urriaren 2an Igartubeiti baserrian. Biek Gernikako bonbardaketari eskainitako lanak joko dituzte: Hermosaren Gernika 1937-4-26 eta Begiristainen Gernika suzko euripean. Hermosarena 1994an estreinatu zen eta mundu osoko akordeoilari eta orkestrek jo dute. Begiristainena, berriz, aurten estreinatu da. Hermosa munduko akordeoilari entzutetsuenetako bat da eta Begiristainek Bilboko bandan jo-tzen du. – A.Z.