Haujijijai festa herrikoien aldeko batzordeak Azpeitiko jaietarako Berriz lehertzeko prest lelopean prestatu duen egitaraua aurkeztu du. Hasteko, bazkaria eta jolasak antolatu ditu igande honetan ospatuko den Umeen Egunerako; eta asteleheneko Baserritarren Egunean kantujira kantu poteoa izango da (13.00ean Alde Zaharrean).

Hilaren 30erako hamaiketakoa (11.00etan plazan), Marea Arroxa, Skapaie elektrotxaranga, herri bazkaria (txartelak 27an eta 28an erosi ahal izango dira plazan), txosnagunearen irekiera eta jolasak, Skapaie elektrotxarangarekin kalejira eta Ruse Ska eta Bada Giro! taldeen kontzertuak prestatu ditu Haujijijai batzordeak.

San Inazio egunerako ekintzak txomingeroen poteo eta bazkariarekin hasiko dira eta abuztuaren 1rako prestatutakoen artean bost urteren ondoren bueltan izango den bakailao txapelketa nabarmendu daiteke (izena Korrale, Jim Clark, Sanagustin eta Haginpe tabernetan eman daiteke). – J.Leon