Azken bost urteetan sei puntu egin du gora euskararen kale erabilerak Amasa-Villabonan, azken neurketen arabera. Elkarrizketen %51,5a, hain zuzen ere, euskaraz egiten dira herrian.

Bost urtean behin Udalaren aginduz, Hizkuntzen erabileraren kale-neurketa egiten du Soziolinguistika Klusterrak kaleetan zuzenean behatutako hizkuntzen erabilera jasotzeko helburuz. Azken behaketa 2021eko udazkenean egin zen eta guztira, kaleko 1.423 elkarrizketak (4.272 solaskiderekin) osatu dute lagina, errore marjina %1 ingurukoa izanik.

Adinaren araberako datuak aztertuta, gazteen artean entzuten da euskara gehien (%72,1), ondoren daude haurrak (%67,5), heldu gazteak (%52,4), adinekoak (%38,6) eta heldu nagusiak (%36,3).

Azken ikerketa honen arabera, haurren presentziak eragin nabarmena du euskararen erabileran. Izan ere, kaleko elkarrizketetan haurrak tartean daudenean, euskararen erabilerak gora egiten du.

Haurrek eta gazteek, gainera, gehiago egiten dute euskaraz euren adin-tartekoekin, adin desberdinetako jendearekin daudenean baino: gazteek (%77,5) eta haurrek (%73,4). Horrek erakusten du haur eta gazte gehienek euskararen erabilera naturala egiten dutela, kanpoko eraginik gabe euskaraz egiteko joera argia dutelako.

Azken bost urteetan erabilerak sei puntu gora egin du (2016an %45,1 eta 2021ean %51,5). Horrela, 2016an atzemandako euskararen erabileraren beherakadari buelta eman zaiola esan genezake, duela 2011ko erabilerara hurbilduz (%51,8).

Azken bost urteetan euskararen erabilerak gora egin du, baina Udalaren iritziz, “argi dago euskararen etorkizuna ez dagoela bermatuta. Gure hizkuntzak egoera hauskorra du oraindik, eta erabilera sustatzeko neurriak hartzen jarraitzea ezinbestekoa izango da. Datozen urteetan funtsezkoa izango da haurren eta gazteen hizkuntza joerei erreparatzea”.

Hala ere, positiboki baloratzen du azken bost urteetan kaleetan euskararen erabilera %6an handitu izana, zorionez 2016an izandako beherakadari buelta eman baitzaio. “Hala ere, duela 20 urteko egoera oso an-tzekoan gaude oraindik eta horrek euskararen erabilerak geldialdi iraunkor bat bizi duela erakusten digu. Argi dugu gure hizkuntzaren normalizazioa eta euskaraz bizi ahal izatea lortu nahi dugunok lanean jarraitu beharko dugula”, adierazi dute. Bide honetan, hizkuntza politika zehar-lerroa izango da aurrerantzean udalaren jardunean.