Arroabeko bizilagunek Karmen jaiak ospatuko dituzte asteburu honetan zehar pandemiak eragindako bi urteko etenaldi luzearen ondoren.

Arroa Beheko Festa Batzordeak ostiral honetarako antolatutako egitaraua 10.00etan jarriko da abian, haurrentzako jolasekin, hain zuzen ere. Horren ondoren, jubilatuen meza (12.00etan), jubilatuen arteko pilota partida (12.30ean), haur eta jubilatuei eskainitako bazkaria, trikitilariek girotutako bazkalostea, gaztetxoen pala txapelketa (17.00etan), herri afaria eta kontzertuak (23.00etan) izango dira.

Biharko jardunaldia paella lehiaketa batekin hasiko da (10.00etan) eta hortik aurrera haurrentzako puzgarriak (11.00etan), Karmen eguneko meza (12.00etan), koadrilen bazkaria (14.30ean), koadrilen arteko jolasak zezenekin (17.30ean), Gotx elektrotxarangaren kalejira (19.00etan) eta musika emanaldiak egongo dira. Kontzertuak 23.00etan hasiko dira eta jaialdi horretan Unidad Alavesa eta Iheskide taldeek eta Bull DJ-ak parte hartuko dute.

Aurtengo Karmenak borobiltzeko hainbat ekitaldi izango dira igandean Arroabean. Hasteko txikienek Lopeneren abereekin disfrutatzeko aukera izango dute (10.00etan) eta horren ondoren, Arroako dantza taldearen ikuskizuna (12.30ean), bingoa (17.00etan), Uxue Alberdi, Amaia Agirre, Andoni Egaña eta Iker Zubeldia bertsolarien saioa (18.00etan) eta, sagardo dastaketa izango dira. Festak amaitzeko Izer eta Alabier trikitilariekin erromeria egongo da (afal ostean). – J.Leon