Bi urte baino gehiago daramatza Zumarragako EH Bilduk Udalak eta herritarrek Aquarbe enpresaren aldetik jasan duten “espolioa” salatzen. Oraingoan, Aquarbe enpresak “bidegabeki” irabazi duen dirua berreskuratzeko pausoa eman du. Kontratuaren oreka ekonomiko eta finantzarioa berrezartzeko espedientea irekitzea eta Aquarberi zigor espedientea irekitzea eskatu dio Udalari.

EH Bilduk kontzesioak iraun duen bitartean kontratuaren arau hauste “larriak” eta ez betetze administratiboak egiaztatu dituela dio. “Lehenik eta behin, Aquarbek ez du bete Arcelorren itxieraren aitzakiarekin eskatu zuen oreka ekonomiko finantzarioa berrezartzeko prozedurarako kontratua eta oraindik ez ditu kontu auditatuak aurkeztu, legez behartuta egon arren”.

KPIaren gainetik

Bigarrenik, kontratuaren arabera tasak KPIaren gainetik igo ezin ziren arren, KPIaren gainetik igo ziren. “Gainera, sinatutako kontratua aldatuz, Aquarbek ordaindu beharreko diruaren zenbatekoa murriztu egin zen. Beraz, Aquarbek, kontratua bete gabe, ezohiko diru sarrerak eta irabaziak lortu ditu”.

EH Bilduren esanetan, Aquarbek behar baino 900.000 euro gehiago irabazi ditu. “Udalarentzako diru sarreretan murrizketa handia egon da (400.000 euro ingurukoa) eta horrek enpresa bidegabeki aberastea ekarri du. Era berean, ez dugu ahaztu behar Aquarbek modu neurrigabe batean fakturatu diela herritarrei, bederatzi metro kubikotik gorako kontsumoak tarifa garestienarekin kobratu baititu”.

Neurri horrekin, Aquarbek 500.000 euro gehiago irabazi dituela dio EH Bilduk. “Elektrikek energiaren prezioarekin egiten dutena egin du Aquarbek Zumarragan urarekin: preziorik garestiena kobratu. Zerutik eroritako diru sarrerak lortu dituzte. Ia milioi bat euro gure poltsikoetatik Aquarbera”.

Alkatearen jarrera salatu dute. “Bere eginkizunei eta Zumarragaren interesak zaintzeari muzin egin die. Ia bi urte igaro diren arren, Udalak ezer egin gabe darrai. Are gehiago, enpresa justifikatu besterik ez du egin eta uraren zerbitzua pribatiza-tzen jarraitu du”. Horren aurrean, EH Bilduk dirua berreskuratzeko pausoa eman du. Eta ez du bazter-tzen goragoko instantzietan beste ekimen batzuk abian jartzea.

Azkenik, PSE-EEri jakinarazi dio ez duela kontratuaren luzapenean Udalarentzat aurreikusitako diru sarreretan murrizketarik onartuko. “Aqualia-FCC enpresak (Florentino Perezen jabetza duena) lizitazioaren pleguen aurka jo du eta badirudi prozesua uste baino gehiago luzatuko dela. Ondorioz, gerta daiteke Aquarbek kanon txikiagoa ordaindu behar izatea. Hau guztia ura merkantilizatzearen ondorioa besterik ez da. Ez dugu etsiko herritarrei eta Udalari onura ekarriko dien uraren kudeaketa publikoa lortu arte. Gurea dena berreskuratu behar dugu. Uraren kudeaketatik eratorritako sarrerak eta onurak Zumarragako herritarrentzat izan behar dira”.