Tolosa – Euskal Herriko zonalde euskaldunenen artean dago Tolosaldea, eta egoera horretan, posible da Tolosaldean euskara “harremanetarako, gozamenerako eta lanerako hizkuntza nagusia izatea”. Testuinguru honetan sortu da Tolosaldeko Euskararen Mahaia. Izan ere, Tolosaldeko biztanleen %75 euskal hiztunak dira, beste %10ek ulertu behintzat egiten dute, eta belaunaldi gazteenak unibertsalizazioaren mugan daude.

2019ko martxoan, Alegian, 42 eragilek sinatu zuten TEM eratzeko konpromiso adierazpena eta aste honetan Lehiberrin elkartutako ordezkariek pauso bat gehiago eman eta Tolosaldeko Euskararen Mahaia eratzeko akta sinatu dute.

Tolosaldean euskararen normalizazioan jarduteko plan estrategikoa diseinatzea eta garatzea beharrezkoa ikusten da, helburu argi batekin: Tolosaldean euskararen normalizaziorako hizkuntza politika adostea, plan estrategikoak diseinatzea, ardurak eta egitekoak banatzea, eta ahalik eta modu efizienteenean plangintza horiek garatzea. Funtzionamenduari dagokionez, eragile instituzionalen eta sozialen eskualdeko bilgunea UEMAk eta Galtzaundik gidatuko dute. – M. San Sebastian