- Udal taldeko aldeko bozkarekin, Podemos eta EAJ/PNVren abstentzioarekin eta PSE-EEko oposaketarekin, Hernaniko azkeneko Osoko Bilkurak gerakineko 7,5 milioi euro aurrekontuari gehitzea onartu zuen.

Ohi bezala, Isa Sanchez, Ogasun zinegotzia, arduratu zen proposamena aurkezteaz: "Martxoan, 2021eko aurrekontua itxi ondoren, jakin genuen zenbatekoa zen gerakin akumulatua. 8,3 milioi eurokoa zen eta horietatik 7,5 milioi bideratuko dira gure proposamenaren arabera. 800.000 euro, zuhurtziagatik, bideratu gabe utziko ditugu, sor daitezkeen gastuei aurre egiteko".

Hortaz, bi urte zail ondoren, aurtengoan, normaltasunerako buelta hasi da eta horren ondorioz, inbertsioak eta gobernu programan aurreikusita zeuden egitasmoak berreskuratzen hasteko moduan daudela aurreratu zuen.

7,5 milioi horietatik, ia 6,5 milioi inbertsioetara bideratuko dituzte eta hiru ataletan banatuko dira: landa eremua, energia trantsizioa eta herriaren azpiegitura.

Landa eremuari arreta berezia jarriko diotela ziurtatu zuen eta hiru inbertsio garrantzitsu burutuko diruzte: euri-jasen eraginez zenbait herribidetan gertatutako luiziak konpontzeko eta asfaltatzeko (Loidi-Altzueta, Iturmendi, Usategieta-Lepatxiki, Urteaga, Jauregi, Arrikarte, Eguzkieta...) 765.000 euro bideratuko dira; mendi lurren erosketarako (lurzoruaren publifikazioaren aldeko pausoak emateko), beste 300.000 euro eta landa eremuko etxebizitzetan Interneterako konexio duina bermatzeko dirulagun-tzak emateko, 50.000 euro.

Energia trantsizioari dagokionez, egungo energia eredua aldatzea eta menpekotasunetik energia burujabetzarantz aurrerapausoak ematea gakoa da udal Gobernuko politiketan. Horretarako bi proiektu indartuko dira: eraikin publikoetan eguzki-panel fotovoltaikoak milioi bat eurorekin eta kale argiterian hobekuntzak (Antziola, Karabel, Lastaola, Zubiondo, Ergobiako bidea, Florida eta Santa Barbara), 90.000 eurorekin.

Azkenik, herriaren azpiegiturak eta auzoak hobetzeko inbertsioei dagokienez, Urumea-Elkano eremuan zentratuko dira eta eraikina eraisteko 270.000 euro bideratuko dira. Gainera, haur parke bat estali, Zubipe eta Landareko instalazioen egoera hobetu uholdeen aurrean eta kirol instalakuntzetan eta ikastetxeetan inbertsio gehiago egingo dira. l

Zubipe eta Landareko instalazioen egoera hobetuko da uholdeen aurrean babesteko eta kirol instalazioak onduko dira