- Alokairurako 108 etxebizitza egingo ditu Zumarragako Eitzaga Berri eremuan Visesak, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio saileko sozietate publikoak. 72 babes publikokoak izango dira eta 36 gizarte laguntzakoak. Eraikuntza lanak aste honetan bertan hasi dituzte. Ostiralean, Carlos Quindos Visesako zuzendari nagusiak eta Mikel Serrano alkateak obra bisitatu zuten.

Proiektua Pedro Apaolazak eta DG arkitektura enpresak egin dute. 36 etxebizitzako hiru bloke eraikiko dira. Horietako bat gizarte laguntzakoa izango da eta beste biak babes publikokoak.

Gizarte laguntzakoak 25.000 eurotik beherako diru-sarrera dutenei zuzenduak daude eta babes publikokoak 39.000 eurotik beherako diru-sarrera dutenei. Alokairuzko etxe hauetako bat nahi dutenek Etxebiden eman behar dute izena.

108 etxebizitzetatik, 95 bi logelakoak izango dira. Horietako bost mugikortasun urria dutenentzat izango dira. Gainontzeko hamahiru etxebizitzak hiru logelakoak izango dira. Etxebizitza guztiek terraza eta garajea izango dituzte.

Alokairurako babes ofizialeko 72 etxebizitzetatik, 60 bi logelakoak izango dira (57,14 eta 60,69 metro koadro artekoak), beste hiru bi logelakoak baina mugikortasun murriztuko pertsonentzat (74,11 metro koadro) eta gainerako bederatziak hiru logelakoak (74,09 metro koadro bakoitzak).

36 etxebizitza sozialei dagokienez, 30 bi logelakoak izango dira, bi mugikortasun murriztuko pertsonentzat eta lau hiru logelakoak. Gizarte laguntzako etxebizitzen blokean Zumarragako Udalak 716 metro koadroko lokal bat izango du.

Promozio honek energia kalifikazio onena du. Izan ere, berogailua eta ur beroa elektrikoak izango dira eta hiru blokeen estalkietan panel fotoboltaikoak jarriko dituzte.

Obrak 13 milioi euroko aurrekontua du. 2025ean emango dizkiete etxebizitzetako giltzak errentariei.

Ostiraleko agerraldian, alkateak geriatriko zaharreko egitasmoa ere bide onetik doala gogoratu zuen. Bertan beste 30 apartamentu egingo dira. "Bertan adinekoak eta gazteak biziko dira. Hala belaunaldi ezberdinetako bizilagunak elkarrekin bizitzea lortuko dugu. Eraikin zaharra uda aurretik botatzea espero dugu".

Bukatzeko, Serranok Quindosi eskerrak eman zizkion Zumarragara hurbiltzeagatik eta erakundeen arteko elkarlana goraipatu zuen.