- Martxoan Bertsoa ekimenak bueltan da bere 20. edizioarekin. Berrikuntza nagusia taldekako txapelketaren itzulera da.

Taldekako txapelketaren azken edizioa 2018an egin zen. Ordutik, hainbat arrazoi medio, ezin izan da egin. Aurtengo txapelketan zor-tzi hirukotek eman dute izena.

Lehen kanporaketa gaur jokatuko da, Urretxuko Apatxe tabernan. Tapia ta Leturias eta Txomin Stones taldeek neurtuko dituzte indarrak. Bigarren kanporaketa Urretxuko Fox tabernan izango da, hilaren 11n. Bertso Olariak, Bandolerok eta Diaspora taldeek parte hartuko dute. Hirugarren kanporaketa hilaren 18an izango da, Urretxuko Motz tabernan. Xaguxar Zopa, Zubiri-zubiri nongori-nongori eta Kostata taldeek parte hartuko dute. Saio bakoitzeko irabazlea hilaren 25ean gaztetxean jokatuko den finalera sailkatuko da. Saio guztiak 22.30ean izango dira.

Aurtengo edizioko azken ekitaldiak apirilean eta maiatzean izango dira. Apirilaren 8an Korrika Urretxu eta Zumarragatik pasako da eta egun horretarako bertso-poteoa antolatu dute. 19.00etan hasiko da, gaztetxean. Beñat Torres, Maialen Akizu eta Mikel Iturriotzek parte hartuko dute. Bukatzeko, maiatzaren 14an antzerkia egongo da Urretxuko Labeaga aretoan. 19.00etan izango da.

20. ediziora heldu izana poztekoa da, urtero lan handia egin behar baita eta bi herriotan zaletasun handia dagoela esan nahi baitu. "Ez da erraza horrelako egitaraua osatzea. Bertso-poteo bat antolatzeak, edo kanpotik ikuskizun bat ekartzeak, ez du neke handirik suposatzen. Taldekako txapelketa antolatzea, ordea, beste gauza bat da. Jendea animatu egin behar da, eta animatzeko seguru sentitu behar du, gai dela eta gustura egingo duela pentsatu. Hori dela eta, bertso eskola irekiak antolatu ditugu, txapelketan aritu nahi zuen orok bertsotan aritzeko aukera izan zezan. Pozik gaude, eskola horiek beren emaitza izan dutelako. Horren isla da taldekako txapelketan arituko garen 24 parte hartzailetik bedera-tzi aurrez sekula kantatu gabeak izatea", esan dute antolatzaileek.