riceWaterhouseCoopersen Digital Trust Survey 2021

Gaur egun, sektorearen erronka nagusietako bat talentu-arrakala da; hau da, zibersegurtasunaren munduan prestakuntza dutenak baino profesional gehiago ari dira eskatzen. Arazoak sustrai sakonak ditu eta hazteko joera du. Espainian, enpresek 29.000 langile kontratatzea eskatzen dute dagoeneko. Estatuan segurtasun informatikoaren sektorearekin lotutako 122.000 profesional inguru daudela kontuan hartuta, arrakala %24koa da. Estatu Batuetan, esaterako, egoera are okerragoa da: 880.000 langile daude sektorean, baina 360.000 gehiago eskatzen ditu, eta arrakala %41ekoa da.

Euskadin, enpresen prestakun-tza-beharrak ere izugarriak dira. Basque Cybersecurity Centre-en inkesta baten arabera, euskal negozioen %85a arlo horretan inbertitzen eta profesional espezializatuak kontratatzen ari da.

Zibersegurtasuneko langile kualifikatuen eskaintzaren eta eskariaren arteko alde horrek hainbat azalpen ditu. Teknologiak azken urteetan izan duen bilakaeraren ondorioz, sektoreko profesionalen prestakuntza-beharrak handitu egin dira, eta gero eta segurtasun informatikoko neurri sofistikatuagoak diseinatzen diren arren, zibergaizkileek ere berritu egiten dituzte beren erasoak.

Kontrakoaren hurrengo mugimenduari nork hartzen dion aurrea ikusteko lasterketa da, eta "maltzurrek" ez dute gastuetan huts egiten. Zentzu horretan, zibersegurtasunean kualifikatutako lanpostuen eskari erraldoia enpresen aurkako zibererasoek urtetik urtera eragiten dituzten galera itzelen ondorio ere bada: Cibersecurity Ventures aldizkari espezializatuaren arabera, urraketa informatikoen ondoriozko munduko kostuak sei bilioi dolarretara iritsiko dira aurten.

Irtenbideak

Sektoreko adituek gero eta argiago dute: arazoari aurre egiteko modu nagusia prestakuntza-eskaintza zeharka handitzea izango da. Horrek esan nahi du zibersegurtasunean adituak ez ezik, abokatuak ere behar direla (oraindik lege asko baitago egiteke sektorean), sektoreko berritasunak herritar arruntari helarazten dakiten komunikatzaileak, eta, jakina, baita irakasleak ere.

Izan ere, joan den martxoaren 12an publikatutako Estatuko Aldizkari Ofizialean, espainiar Gobernuak zibersegurtasunean espezializatutako irakasleak prestatzeko ikastaroak ematen hasiko zirela iragarri zuen, Lanbide Heziketan ikasle berriak hezi ahal izateko. Aurretik, zibersegurtasunean hezitzeko irakaslegoaren falta beste arazo handia zen.

Pixkanaka, badirudi sektorea prestakuntza sustatzeko urratsak ematen ari dela, eta Euskadin dagoeneko bide onetik goazela dioten seinaleak ikusten ari dira. Horren adierazgarri dira, esaterako, azken urteotan Lanbideren eskaintza publikoetan, Lanbide Heziketako zentroetan eta euskal unibertsitateetan, publikoetan zein pribatuetan, sortu diren ikastaroak.

Gaur egungo eskaintza

Adibidez, UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolak, arazoaren dimentsioaz jabetuta, aurrerapauso garrantzitsu bat eman zuen 2019an, eta Unibertsitate Espezializazioa: Interneterako eta 4.0 Industriarako Zibersegurtasuna titulu propio berria jarri zuen martxan, kalitatezko prestakuntza emateko xedearekin.

Era berean, azken urteotan AEG Berrikuntza Profesionalen Eskolak ziber-mehatxuen aurrean arriskuaren kudeaketan trebatzeko edo ikasleak zibersegurtasunean eta hacking etikoan prestatzeko ikastaroak jarri ditu abian.

Askotan, zibersegurtasunean trebatzen hasteko ez da beharrezkoa aurretiazko ezagutzarik izatea. Hala, Lanbidek Segurtasun Informatikoari buruzko prestakuntza ere eskain-tzen die langabezian dauden pertsonei. Ikastaro horietara sartzeko, nahikoa da Batxilergoko titulua izatea edo, bestela, funtsezko gaitasunen testa pasatzea.

Prestakuntza horien guztien ezagutza-mailak desberdinak diren arren, badute zerbait komunean: tituluak eskuratzen dituzten pertsonei ematen dieten enplegagarritasun-maila handia. Izan ere, informatikaren eta aktibo digitalen babesa behar kritikoa da mota guztietako enpresentzat eta erakundeentzat, pribatuak zein publikoak izan.

Segurtasun digitalari buruzko prestakuntza-apustu berriekin, etorkizunari begira enpresen beharrak pixkanaka beteko diren itxaropena dago. Orain, ordea, sortu diren hezkuntza-eskaintza horiei eran-tzungo dieten ikasleen txanda da.

Euskal negozioen %85a zibersegurtasunean inbertizen eta langileak kontratazen ari da