- Atzo goizean Euskal Herriko kluben arteko pilota txapelketako finala jokatu zuten Zumarragako Beloki pilotalekuan. Irurtzungo taldea Lemoakoari nagusitu zitzaion. Nafarrek hiru partidak irabazi zituzten. Finala hasi aurretik, antolatzaileek zazpi pilotazale omendu zituzten. Tartean, Antonio Elizondo (2020an hil zen) eta Jose Antonio Aldama zumarragarrak.

Elizondoren izenean, Maria Anjeles Domaika alargunak eta Udane eta Oier Ozaeta bilobek hartu zituzten oroigarriak. Omenaldiaren ondoren Urretxu eta Zumarragako Goiargi abesbatzak Agur Jaunak kanta abestu zuen, covid-19ak hildakoen omenez.

Elizondok eta Aldamak Beloki pilota elkartearen sorreran parte hartu zuten eta Zumarragako Udalak Beloki pilotalekua eraiki zezan gogor lan egin zuten. Atzoko omenaldia Beloki pilotalekuan izan zen eta Beloki pilota elkarteko pilotariek pasilloa egin zieten Aldamari, Elizondoren alargunari eta bere bilobei.

Finalari dagokionez, lehen partida lau eta erdikoa izan zen. Irur-tzun taldeko Ongay pilotariak 18 eta 9 irabazi zion Lemoa taldeko Etxeberriari. Bigarren partida Irurtzun taldeko Retegik eta Lemoa taldeko Aurrekoetxeak jokatu zuten. Nafarra nagusitu zen, 18 eta 10. Hirugarren partidan, Olaetxea eta Bergera nafarrek 22 eta 4 irabazi zieten Elezkano eta Egaña bizkaitarrei.