Zure osasunagatik, mugi zaitez modu iraunkorrean lelopean ospatuko du Hondarribiak irailaren 22ra bitartean Mugikortasunaren Europako Astea. Garraiobide jasangarrien erabilera susta-tzeko helburuarekin, hainbat ekin-tza antolatu dira, gehienak astebukaera honi begira. Bizikleta konpontzen ikasteko tailer bat, adinentzako triziklo paseoak, bizikleta martxa bat edo hiri barruan mugitzeko ibilgailu desberdinei buruzko jardunaldia egingo dira, besteak beste, datozen egunotan Hondarribian.

Atzo eman zioten hasiera programazioari, mugikortasunari buruzko jardunaldi bereziarekin. Bertan, mugikortasunari buruzko III. argazki lehiaketaren sariak banatu ziren eta Guerra en las carreteras británicas dokumentala ere proiektatu zen.

Gaurkoan, berriz, 10.00etatik 13.00etara, Balazta elkarteko kideen eskutik adinekoentzako triziklo paseoak antolatu dira. Irteerak San Gabriel egoitzatik izango dira eta herriko kaleetan zehar ibiliko dira. Bestalde, eta ordu tarte berean, Kasino Zaharreko lorategietan adin guztientzako hiru ekintza egingo dira: batetik, Pedalei eragin energiaren alde izenekoan, haurrek hartu ahal izango dute parte, eta bertan egongo diren bizikleten pedalei eraginez energia nola sortzen den ikusteko aukera izango dute; bestetik, bizikleta konpontzen ikasteko tailerra eskainiko du Balazta elkarteak (Bizikleten diagnostikoa), oinarrizko konponketa eta doikun-tza txikiak egiten ikasteko; eta, azkenik, Segurtasuna bizikletan ekitaldian, gazteek hiri barruan mugi-tzeko ibilgailu desberdinak probatu ahal izango dituzte eta hainbat ibilgailuren arteko bizikidetza-araudia ikasteko ibilbide bat ere egiteko aukera izango dute. Eguraldi txarra egingo balu, ekintzok tokiz aldatuko lirateke.

Bizikleta martxa

Biharko proposamena bizikleta martxa bat izango da, eta aurtengoan Hondarribiko eta Irungo bizikleta martxek bat egingo dute Letxunborron, ibilbidearen zati bat elkarrekin eginez. Amaitzeko, bizikleta festa bat egingo da Kandido Saseta plazan, non haurrek ginkana eta mugikortasunaren aldeko grafiti herrikoi batean parte hartzeko aukera izango duten.

Programari bukaera emateko, datorren asteazkenean Kosta kalea hobetzeko parte-hartze prozesua abian jarriko da, prozesuaren lehen saioa eginez. Horretarako ibilaldi "kritiko" bat antolatu dute, mugikortasun eta irisgarritasunaren ikuspuntutik kalearen beharrak zein-tzuk diren ezagutzeko eta konponbideei buruz eztabaidatzeko bizilagunekin. Ekimena 18.30tik 20.30era izango da Amute-Kosta auzo elkartean.

Bestalde, eta asteak irauten duen bitartean, Bizikletaren liburu txokoa egongo da zabalik udal liburutegian.

Mugikortasunaren ordenantza

Txomin Sagarzazuk zuzentzen duen Udalaren lehentasunetako bat da mugikortasun jasangarria susta-tzea Hondarribian. Hori horrela, uda honetan, hain zuzen, Mugikortasun ordenantza berria onartu du osoko bilkuran, hainbat hilabetetan zehar horretan lanean aritu ondoren. Gaur egun Hondarribiak ez du Mugikortasun Ordenantzarik, ezta trafikoko ordenantzak bezalako antzeko tresnarik ere; beraz, beharrezkotzat jo da mugikortasun-politika berriaren garapena erraztuko duen tresna.

Horrela, hirietako mugikortasunaren kontzeptuak izan duen bilakaeraren ondorioz, Ordenantza berri bat egin da, egungo eta etorkizuneko arazoei konponbide eraginkorrak eskaini ahal izateko, jasangarritasun energetikoa eta ekonomikoa areagotuz eta, aldi berean, hiri-mugikortasunaren ingurumen-inpaktua murriztuz.

Mugikortasun-ordenantza berriak betetzen dituen premia nagusiak Hondarribiko bide-segurtasuna eta mugikortasunaren ingurumen-jasangarritasuna hobetzea dira.

Horrela, mugikortasun jasangarria sustatu eta babestu nahi du (oinezkoak eta bizikletak), eta errespetuzko bizikidetza bermatu. Era berean, mugikortasun modu errespetagarriagoak sustatu nahi dira, energia- eta ingurumen-kostuak murrizteko eta herritarren bizi-kalitatea hobetzeko.Gainera, espazio publikoak berreskuratu ahal izango dira zirkulatzeko edo aparkatzeko ez diren erabileretarako. Ordenan-tzaren onarpena behin behinekoa da, eta behin betiko onartzeko prozesuak aurrera jarraitzen du.

Bestalde, mugikortasunari lotuta hainbat ekimen jarri ditu Hondarribiko Udalak abian: Hondarribia mugitzen ari da, Mugi Zaitez, Hondarribia 30, Talaia Alai eta Bitoriano Juaristi kalean ikastetxeetan egindako proiektuak, besteak beste. Denek helburu bera dute: mugikortasun iraunkorraren alde egitea, bide segurtasuna areagotzea, ingurumenarekiko errespetua eta pertsona guztien joan etorriak seguruak izan daitezen bermatzea.

Bizikletaz adinik ez

10.00-13.00

San Gabriel egoitza

Pedalei eragin energiaren alde

10.00-13.00

Kasino Zaharreko lorategia

Segurtasuna bizikletan

10.00-13.00

Kasino Zaharreko lorategia

Bizikleten diagnostikoa

10.00-13.00

Kasino Zaharreko lorategia

Bizikleta martxa

10.30-12.30

Gernikako arbola plaza

Bizikleta festa

12.30-14.00

Kandido Saseta plaza

Kosta kalea hobetzen

18.30-20.00

Amute-Kosta auzo elkartea

Bizikletaren liburu txokoa

Udal liburutegia

Bizikleta konpontzen ikasteko oinarrizko ezagutzak eskainiko dituzte Balaztako kideek