barrako Udalak eman zion hasiera, baina 21 urte igaro dira dagoeneko Hauspoa Elkarteak erreleboa hartu zuenetik. Ibarrako Euskal Herria kalean jaio, eta Emeterio Arrese Parkean eta herriko plazan hazi da azoka berezia. Geroztik, azokak urtez urte herriko gune desberdinak konkistatu ditu. Pandemiak eta osasun egoerak, ordea, ez zuten utzi iazko edizioa gauzatzea. Aurtengoa aldaketekin badator ere, piperra bueltan da Ibarrara.

Piperraren Azoka iraileko hirugarren igandean ospatuko dela jakinarazi dute Hauspoa elkarteko kide diren Txibi eta Ixiar Arratibelek; irailaren 19an, hain zuzen ere. Egoerak uzten badu, Hauspoa elkartearen asmoa hori dela azaldu du Arratibelek: “Abuztua bukatu zain bagaude ere, aurtengo Ibarrako Piperraren Azoka martxan doa”. Hala ere, pozik eta ilusioz daudela esan dute, eta herritarrak gogotsu herriko tradizioetako bati jarripena emateko.

Herritarron segurtasuna bermatzeko eta jende pilaketak ekiditeko helburuarekin, indarrean izango diren osasun neurriak azpimarratu dituzte antolatzaileek: musukoaren erabilera derrigorrezkoa izango da; jende pilaketak ekidin beharko dira, segurtasun tartea mantenduz; eta azokara sartzeko eta bertatik ateratzeko jarraibideak errespetatu beharko dira, zehaztutako ibilbidea jarraituz.

Egungo egoerak inposatutako neurrien ondorioz, aurtengo formatua murriztu egin behar izan dutela azaldu du Txibik: “Helburua jendea ahal den gutxien pilatzea da, horregatik, plazako gunea kendu dugu aurtengoan. Izan ere, tabernak daude plazan, eta erraztasun handiagoa dago jendea bertan pilatzeko”. Hortaz, Emeterio Arrese Parkea izango da aurtengo elkargune nagusia.

Artisauen postuen kopurua ere murriztu egin behar izan dutela gehitu du Arratibelek: “Gainon-tzeko urteetan 40 postu inguru izaten ditugu. Aurtengoan, ordea, 27 edo 28 postu izango dira guztira”. Ibarratik, eskualdetik eta kanpotik iritsiko dira protagonistak. Parte- hartzaile guztiak sakonago ezagu-tzeko ahaleginarekin, bertara gerturatuko diren guztiei banatuko dieten liburuxka izango da aurtengo “nobedadea” gainera.

“Piper eztia bai, baina ezti lehiaketarik ez da izango aurtengoan”, esan du Arratibelek. Ezti lehiaketa ez ezik, pintxo, gilda, Xepla elkarteak urtero antolatzen duen Ibarrako piperraren Euskal Herriko lehiaketa edota Euskal Herriko Piperraren Topaketa ez dira festara batuko. Hala ere, topaketak utziko duen hutsunea beteko dute Iparraldetik etorriko diren pipergileek.

Ohiturak jarraituz, gainontzeko urteetan batzuk pintxoak edo gilda prestatu bitartean, besteek janariaz gozatzeko aukera izaten zuten. Aurten, ordea, garagardoa ez da faltako, baina “gunean bertan ezingo da ez jan, ez edan”.

Osasun egoerak baldintzatuta, tailerrak eta desafioak ere bertan behera geratu direla gehitu dute antolatzaileek. Hala ere, ez da faltako Alurr Dantza Taldearen argazki erakusketa, eta haiek girotuko dute aurtengo azoka.

“Jendea azokara animatu nahi dugu, bai publiko bezala, baita lanerako ere”

Ibarrako Hauspoa elkarteko kidea

“Bi urte ostean, jendea gogoarekin dago herrian zerbait egin eta ikusteko”

Ibarrako Hauspoa elkarteko kidea