- Astigarragako Pelotari kaleko 21.ean dagoen Artoaene harategi-urdaitegiaren jabeak dira Martin Urretak eta Carmen Urretak, bertako elikagaiak eskaintzen dituen saltokia. Etxeko konfinamendua hasi zenean lanez lepo ibili ziren. Goizeko bostetan jartzen ziren martxan eta iluntzeko zortzitan bukatu ezinik zenbiltzan oraindik. Goizeko zortzitan irekitzen zutenean, dagoeneko bezeroak zain zeuden eta jende ilara ordu biak arte ez zen desagertzen. Urduritasun eta tentsio askorekin lan egitea tokatu zaie pandemia garaian. Hala ere, zerbait ona ekarri badu egoera honek, Martinek dio jendea ohartu dela denda txikiak zein garrantzitsuak diren herrietan.

Nolako eragina izan zuen pandemiaren agerpenak zuen lan egiteko moduan?

-Azeleratuta ibili ginen, lana hiru aldiz gehiago eginez eta ezin ailegatuz. Gainezka geunden. Goizeko bostetan hasten ginen lanean eta iluntzeko zortziak arte ez genuen amaitzen. Eta hori salmentekin etetea erabaki genuela, gero arratsaldean hurrengo egunekoa prestatzeko. Hurrengo goizean zortzitan ireki eta lau edo bost bezero egoten ziren zain. Ilara hori ez zen amaitzen, eguerdiko ordu biak arte mantentzen zen. Itxialdiaren amaieran hobeto ibili ginen, baina lehenengo asteak okerrenak izan ziren. Salmenten aldetik ondo joan zen, baina guk ez genuen hori nahi, nolabaiteko "beharrezko salmenta" zelako.

Arlo pertsonalean nola bizi duzue egoera berri hau?

--Gehien eragin didana muga batzuen barruan bizi behar izatea da. Lehen askatasun osoz egoteko ohitura genuen eta bat-batean mugekin topatu gara eta ez gaude ohituta. Aste osoa lanean igaro ondoren, asteburuan nahi duzun zerbait ezin egiteak amorratzen nau.

Zein izan da zuretzat momenturik zailena?

-Asteburuak ezin disfrutatzea. Niretzat igandea baserrira joan eta nire ama eta anai-arrebekin elkartzea da, eta ezin nuen hori egin.

Nolakoa izan da jendearen jarrera?

-Orokorrean, ona. Ilara ez egiteagatik batzuk goiz etortzen ziren eta jendeak itxaron egin behar zuenean ere oso ondo moldatzen zen, distantziak ondo mantenduz.

Zer nolako neurriak hartu dituzue dendan segurtasuna bermatzeko?

-Gu serioak izan gara. Mostradorea erdian dugu eta guregana arrimatzea zaila da. Poltsa etxetik ekartzen zuenari ez genion poltsa ukitzen. Plastiko bat jarri genuen kobratzerako orduan ere, horrela errazagoa da. Orain denak muxukoekin gabiltza, baina hasieran beirazko pantaila bat jartzea probatu genuen. Oso esperientzia txarra izan zen, bezeroek ez gintuzten entzuten eta guk haiei ere ez.

Azken hilabetetako murrizketek zer nolako eragina izan dute zuen negozioan?

-Gorakada bat sumatu dugu salmentetan. Herritik ateratzeko aukerarik ez dagoenez jendeak herrian erosten du eta gu bezalako negozio txikientzako herritarren artean ezagunagoak izateko aukera eman digu. Itxialdi honetan lasaiago ibili gara, jendeak bazekielako ez zela ezer faltako. Gure aldetik ere antolatuago ibili gara eta goizez eta arratsaldez irekitzeko aukera eman digu horrek. Dena den, esperientzia gazi-gozoa izaten ari da, ez delako ona bezeroak ilara itxaroten ikustea eta horrela guk ez dugu nahiko genukeen zerbitzua ematen.

Uste duzu egoera guzti honen ondoren jendeak herriko saltoki txikiak gehiago baloratuko dituela?

-Denek igual ez, baina baten batek seguru baietz. Askok ondo ikusten dute herrian erosteko aukera, erosketa pertsonalizatua eskaintzen baitugu. Baina azkenean lehengo ohituretara bueltatuko gara, saltoki handietan eta horrelakoetan erostera.

Nola ikusten duzu etorkizuna arlo profesionalean?

-Oso beltza. Konpetentzia handia dugu saltoki handiekin eta lokalen alokairuak gero eta garestiagoak dira. Horiek moldatzeko diru asko inbertitu eta hura berreskuratzeko lan handia egin behar da, ez ditut gazteak saltsa horietan ikusten. Nik uste erakundeek laguntza gehiago eman beharko lituzketela gastu horiei aurre egiteko.