- Abendu Kulturala bezala izendatu den zikloan, Alegiako Kultura batzordeak lau ekitaldiz osaturiko egitaraua prestatu du abendurako: bakarrizketa bat, kabaret bat, irakurle taldearen saio bat eta ipuin kontaketa bat izango dira. Ekitaldi guztietan indarrean dauden segurtasun neurriak beteko dira eta uneoro antolakuntzaren oharrei jarraitzeko eska-tzen da.

Lehen ekitaldia abenduaren 4an izango da. Zuhaitz Gurrutxagak FutbolisTOK bakarrizketa eskainiko du zinean 19.00etan. Ateak 18.30ean irekiko dira eta bertaratzeko asmoa dutenei garaiz joateko eskatzen zaie. Zinearen edukiera mugatua izango da eta bakarrizketara joan nahi dutenek azaroaren 30etik aurrera erosi ahal izango dituzte sarrerak kultur etxean, 18.30etik 20.00etarako ordutegian, zortzi euroko prezioan.

Abenduaren 10ean Ixabel Agirresaroberen ipuin kontaketa izango da kultur etxeko areto nagusian 17.00etan. 4 eta 7 urte bitarteko haurrei zuzendua izango da eta bertaratu nahi dutenek 16.45erako kultur etxean egon beharko dute, segurtasun neurri guztiak betetzeko.

Abenduaren 17an, Alegiako irakurle taldeak bigarren saioa egingo du. Amets Arzallus eta Ibrahima Balderen Miñan liburua landuko dute 18.00etatik aurrera kultur etxean, Amaia Goikoetxeak gidatuko duen saioan.

Azkenik, abenduaren 18an Andoni Mutiloaren Esnatu naiz kabareta ikusi ahal izango da zinean 19.00etan. Emanaldi horretarako sarrerak kultur etxean salduko dira abenduaren 14tik aurrera, 18.30etik 20.00etarako ordutegian, lau euroko prezioan. Kasu honetan ere, ateak 18.30ean zabalduko dira sarrera mailakatua egiteko.