Herritarrentzat zabalduko da Tolosako Elosegi parkea

Datorren astetik aurrera egunero egongo da irekita aisialdirako gune hau 8.30etik 21.00etara

01.08.2020 | 00:07
Elosegi parkea. Argazkia: N.G.

Tolosa – Hurrengo asteartetik aurrera Elosegi parkea zabalik izango da herritar guztientzat. Gaur egungo egoerak aisialdirako aukerak baldintzatu ditu, eta herriko beste gune batzuekin egin den moduan, Elosegi parkea ere herritarrek aisialdirako edo lasai egoteko gune bat izan dezaten egokitu da.

Modu honetan, asteartetik aurrera egunero egongo da irekita, 8.30etik 21.00etara bitartean. Hala ere, haize handia egiten duen egunetan parkea itxita egongo da segurtasunagatik. Era berean, parkeko bidetik kanpo ibiltzea debekatuta egongo da, bertaratzen direnen segurtasuna bermatzeko.

Urte guztian zehar egiten diren mantentze eta berritze lanez gain, azken asteetan parke barruko bidearen inguruan zeuden eta arriskua sor zezaketen hainbat zuhaitz kendu egin dira, eta hesi batzuk ere berritu dira. Behin lanak amaituta, prest dago parkea ateak zabalzeko. Paseatzeko zein bertako inguruaz gozatzeko leku paregabea da, baina malda handia du, batez beste %60ko maldarekin. Horregatik, inguruan arretaz ibiltzeko eskatu du Tolosako Udalak.