- Urnietako Udalak jakinarazi duenez, Lekaiok eta Sarobek berriro ireki dituzte ateak normaltasun berrian sartu ostean, baina segurtasun protokoloekin eta udako ordutegiarekin; hau da, 9.00etatik 14.00etara. Liburutegiak ere ordutegi berdina izango du.

Ezinbestekoa izango da eskuak gel hidroalkoholikoarekin garbitzea kultur etxera sartu bezain laster, baita maskara gune komunetatik eramatea ere. Beste horrenbeste bete beharko da Saroben.

Ikasgela zerbitzuari dagokionez, ohiko lekura itzuli da. Ekainaren 15ean liburutegian kokatu zen behin-behinean, baina astelehen honetan berriro ireki da Lekaioko -1 solairuan dagoen espazioan. Bere ordutegia 8.00etatik 14.00etara da.

Erabilera arauei dagokienez, mahai bakoitzean erabiltzaile bakarra egotea gomendatzen da. Bestela, maskara jantzi beharko da.