- Gaurtik aurrera, kirol txartela daukatenek Donostiako barruko eta kanpoko igerilekuetara joan daitezke. Hilaren 29ra arte, beraiek bakarrik izango dute sartzeko aukera eta ez da aurrez ordua eskatu beharko.

Dena den, edukiera %60koa izango da gehienez eta horrek eragina izango du udako igerileku irekietan ere. Hala, Etxadin 258 pertsona sartuko dira gehienez eta Intxaurrondon, 220. Bestalde, piszinaren inguruan hamakarik ez da izango (etxetik ere ezingo dira eraman), ezinduentzako aulkiak bakarrik. Pertsonen arteko distantziak bermatzeko, borobil batzuk egin dituzte lurrean, banakakoek edo familiek erreferen-tzia argia izan dezaten.

Donostia Kirolaren sareko kiroldegietako gimnasioak duela bi aste ireki zituzten jada eta aldagelak ere bai, baina joateko ordua hartu behar zen aurretik. Hemendik aurrera, ordea, gimnasioetara joateko ere ez da aurrez izena eman beharko.

Hala ere, bestelako neurriek indarrean jarraituko dute eta erabiltzaileek toalla eramaten jarraitu beharko dute. Eskuak garbitzeko gela eskuragarri daukate eta maskarak jarrita eduki beharko dituzte kiroldegi barruan dauden bitartean (kirola edo ariketa fisikoa egiten ari diren momentuetan izan ezik).

Pertsonen artean metro bat eta erdiko distantzia bermatu ahal izateko hainbat egokitzapen egin dituzte kiroldegietan. Edukieraren inguruko mugak ere errespetatzen jarraitu beharko dute: martxan daude dagoeneko instalazioen sarreretan jarritako pantailetan eta webgunean edukieraren inguruko datuak, unean unekoak. Hala, joan aurretik Interneten edukieraren inguruko informazioa kontsultatu dezatela eskatu die Donostia Kirolak erabiltzaileei.

Igerilekuak bakarrik ez, kaleko kirol pistak ere zabalduko dituzte gaur, baita skate parkak ere, eta 65 urtetik gorakoek ariketa fisikoa egiteko guneak ere erabilgarri izango dira hemendik aurrera. Hala ere, federatutako taldeek entrenamendu lanak egiteko udal kiroldegietako pistak hilaren 29tik aurrera erabili ahal izango dituzte, aurrez erreserbatuta.

Zuhaizti kiroldegiak, ordea, oraindik uztailaren 1era arte itxita jarraitu beharko du. Fortuna kirol elkarteak kudeatzen du eta badirudi geldialdi teknikoan matxura bat aurkitu dutela ur-hornidurako sareetan. Horren ondorioz, igerilekuak hustu egin behar izan dituzte berriro eta irekiera egun batzuk atzeratu dute.

Berez hilabete honetan bukatu behar zen Fortunak zuen kontzesioa. Pandemiak, dena den, tramitazio guztiak atzeratu ditu; dagoeneko argitaratuta egon beharko luke Zuhaizti kudeatzeko lehiaketa berriak, baina hiru hilabeteotako etetearen ondoren, momentuz, baldintzak zehazten jarraitzen dute Udaleko teknikariek.

Bestalde, Gasca kiroldegiak ere itxita jarraituko du. Izan ere, oraindik instalazioaren zati bat gizarte zerbitzuen beharrei erantzuteko erabiltzen ari dira.

Haur parkeak ere erabilgarri izango dira datozen egunotan. Berez, alarma egoera bukatzearekin batera jolasguneak erabiltzeko aukera egongo zela iragarri zuen Donostiako Udalak. Alarma ostiralean amaitu zen baina, hala ere, Udaltzaingoak jarritako prezintoa hor dago oraindik kasu gehienetan: parkeak zabaldu baino lehen protokolo berezi bat prestatu behar izan dute.

Guneak garbitu eta desinfektatu behar dira lehenik eta, ondoren, Eusko Jaurlaritzak ezarritako baldintzak betetzen direla ziurtatzeko, horien inguruko informazioa ere jarri nahi dute erabiltzaileek horren berri izan dezaten (parke bakoitzaren edukiera zehaztuko dute ohar baten bidez: lau metro kuadroko, pertsona bat).

Xehetasun horiek ostegunera arte ez zituzten ezagutu eta horregatik atzeratuko da irekiera. Dena den, hiri osoko parkeak pixkanaka zabaltzen joango dira aste honetan zehar, Eneko Goia alkateak aurreratu duen moduan, eta atzo dagoeneko baten batean ari ziren umeak jolasten.

Gaur egun, Donostian haur eta gazteentzako 150 jolasgune inguru daude auzoz auzo, eta guztiak zabaldu ahal izateko egun batzuk beharko dituzte.

Etxadin eta Intxaurrondon hamakarik ez da izango eta lurrean borobilak marraztu dituzte distantziak mantendu ahal izateko

Zuhaiztiko kiroldegia uztailaren 1ean zabalduko dute, matxura bat topatu eta hori konpontzen ari baitira egunotan