- Gazteen Topaketa egingo du Udalak asteazkenean Tolosatzen Eskola Irekia proiektuaren baitan. Online izango da saioa, 18.00etatik 20.00etara, eta parte hartzeko beharrezkoa izango da aurrez izena ematea, horretara bideratutako galdetegia beteta.

Abenduan martxan jarritako programa pilotuari helduz, egungo egoerara egokituta egingo da topaketa. Azken hilabeteak nola bizi izan dituzten entzun, egungo ziurgabetasun egoeraz hitz egin eta epe motz edo ertainera dituzten kezka nagusiez aritzea da topaketaren helburua. Bide batez, topaketan parte hartzen dutenei Tolosatzen Eskola Irekia zein Gazte Diagnostikoa proiektuen berri ere emango die Udalak. Proiektuak aurkeztuta, herriko gazteekin zein gazteentzat sortutako ekintza plan bat egitura-tzeko lehen urratsa ere izan nahi du.

Zoom plataformaren bidez egingo da saioa. Hala, parte hartu nahi dutenek galdetegi bat beharko dute izena emateko (Udalaren web orrian). Behin izena emanda, plataformara konektatzeko datuak jasoko ditu gazte bakoitzak.

Aurreko legealdian abian jarritako Tolosa-tzen prozesuaren barruan, Tolosako Udala aurten garatzen ari den Tolosatzen Eskola Irekia proiektuaren barruko beste ekintzetako bat da gazteen topaketa.

Herritartasun aktiboa eta herritarren ahalduntzea sustatzeko helburuarekin abiarazi zuen Tolosako Udalak Tolosatzen Eskola Irekia proiektua. Elkarlana eta lankidetza ditu oinarri proiektuak, eta, Udalaren, herritarren, herriko talde antolatuen eta eragile ezberdinen arteko elkarrizketa eta sinergiak sustatzeko helburua du.