donostia - Begiak zabal-zabal. Ahoak ere bai. Ehunka gaztetxo eta heldu bildu ziren atzo Donostian, Antigua auzoan, Olentzero eta Mari Domingiri behar bezalako ongietorria egiteko. Antiguotarrak euskal dantza taldearen eskutik, hirian egiten duten lehenengo agerraldia izaten da Antiguako eta atzo ere ez zuten hutsik egin. Irribarretsu agertu ziren menditik etorri berriak eta aurretik duten lanari ekiteko gogotsu zeudela ere aitortu zuten.

Hasteko, Donostian auzoz auzo ibiliko dira goiz eta arratsaldez, eskean kasu gehienetan eta haurren eskutitzak jasotzen ere bai. Gipuzkoan ere badituzte hitzorduak, han eta hemen, bazter guztietara iritsi nahi dute-eta.

udaletxean Hiriburuari dagokionez, bazkalostean Udaletxera hurbilduko dira. 15.30ean espero dituzte, gutxi gorabehera. Balkoitik donostiarrak agurtu eta azken orduko eskutitzak jasotzeko prest ere egongo dira (laguntzaileak izango dituzte ondoan guztiak jasotzeko). Hala, Alderdi Ederreko terrazan egongo dira 16.00etatik 18.00etara bertaratzen diren haurrak agurtzeko. Aurten, gainera, zeinu-hizkuntzako interprete bat ere egongo da Olentzero eta Mari Domingirekin, entzumen urriko haurrek ere arazorik izan ez dezaten haiekin hitz egiteko.

Normalean ikazkinarengana gerturatzeko ilara luzeak sortzen dira Udaletxean eta, hala, tailerrak antolatu dituzte gaztetxoek itxaronaldian ere goza dezaten, Gero Axularren eskutik, eta gaztain erreak ere banatuko zaizkie.

desfile nagusia Harrera amaituta, Erdialdeko kaleak zeharkatuko dituen desfilerako prestatuko dira Olentzero eta Mari Domingi. 18.30ean abiatuko dira eta aurten haien inguruko mendi eta basoetan bizi diren izakiak ere gonbidatu dituzte desfilean parte hartzeko: basanderea eta basajaun, jentilak, herensugea eta iratxo eta ipotxak etorriko dira Donostiara. Trikitilari erraldoiak eta eguzki-loreak ere izango dira. Aurten, dena den, aurreko urteotan ekartzen zituzten animaliak baserrian uztea erabaki dute eta, beraz, animaliarik ez da izango.

Olentzero eta Mari Domingiren ohiko laguntzaileak, ordea, etorriko dira desfilera: hamalau egurgile (bizikletan) eta 60 baserritar, besteak beste. Guztien laguntza beharko dute gauean menditik ekarri dituzten opari guztiak banatu ahal izateko eta desfilean zehar ere eskutitzak jasotzen jarraituko dute. Gainera, Eskola, Gero Axular eta Zuhaiztiko taldeak arituko dira dantzan ibilbidean zehar.

Desfilearen amaieran bi karroza prestatu dizkie Donostiako Udalak: batean jaiotza eta bestean Olentzero eta Mari Domingi joango dira eta goxokiak banatuko dituzte ikusleen artean.

Bulebarretik aterata, Hernani kalea, Loiola, San Martzial, Getaria, Txurruka, Gipuzkoako plaza, Elkano eta berriz ere Bulebarra zeharkatuko dituzte eta gutxi gorabehera 19.30erako amaituko dute Erdialdeko kaleetan egingo duten ibilbidea. Goiz afaldu eta lanari ekingo diote ondoren, urteko gaurik luzeena izango baitute aurretik Olentzerok, Mari Domingik eta haien laguntzaileek.

gipuzkoan Donostian bakarrik ez, Gipuzkoa osoan ere izango dira gaur goizez eta arratsaldez Olen-tzero eta Mari Domingi. Agenda bete-beteta dute eta desfileak eta harrerak antolatu dituzte, baita haurrentzako hainbat jolas eta tailer ere herriz herri gaurko eguna ahaztezina izan dadin. - N.G.

Bidebieta, Herrera, Altza. Herri Ametsa ikastola. 10.30ean Juan XXIIItik abiatuta.

Gros. Zurriola ikastola. 10.30ean Ikastolatik.

Antigua. Jakingura guraso elkartea. 11.00etan Alfonso XIIItik.

Benta Berri-Berio. Santo Tomas Lizeoa. 11.00etan Ikastolatik abiatuta.

Benta Berri-Antigua. Santa Teresa ikastetxea. 11.00etan ikastetxetik.

Aiete. Lantxabe auzo elkartea. 11.30ean Hiru Damatxo plazatik.

Parte Zaharra. Orixe ikastola. 12.00etan Zuloagatik.

Erriberak. Erribertxo kultur elkartea. 12.00etan Mikel Laboa zubitik.

Erdialdea. Summa Aldapeta. 12.00etan Artzain Onaren plazatik.

Antigua. Manuel de Larramendi ikastetxea. 12.15ean Alfonso XIIIetik.

Egia. Aitor ikastola. 17.00etan Blas de Otero plazatik.

Amara Berri. Ikasbide kultur elkartea. 17.30ean Irun plaza-Arccotik.

Bidebieta. Eltzegor euskal kultur elkartea. 17.30ean Guardaplata bidetik abiatuko dira.

Herrera. Herrera kirol elkartea. 18.00etan San Luis plazatik.

Amara Berri. Amara Berri auzo elkartea. 18.30ean Irun plazatik aterako dira.Amara. Mamur aisialdi taldea. 19.00etan Osasun kaletik aterata.