zarautz - Aurten 37. aldiz antolatu dute Zarauzko Murkil merkatarien elkarteak eta Udalak Gabonetako erakusleihoen lehiaketa. 21 saltokik hartu dute parte eta epaimahaiaren ustez, Transit (Kiriki kalea, 4) izan da guztietan dotoreen apaindu duen erakusleihoa. Bertako dendaria da Amaia Larrañaga.

Sari asko dituzu dagoeneko bizkarrean...

-Bai, ez da lehenengo aldia sari hau eskuratzen dudana. 2007an ireki nuen Transit eta hurrengo urtean hasi nintzen txapelketa honetan parte hartzen. Ordutik aipamen berezia lortu nuen 2010ean. 2013. urtean, berriz, lehen aldiz eskuratu nuen lehenengo saria. Pasa den urtean etorri zen hirugarren lorpena; bigarren postuarekin. Azkenik, aurtengoa dago. Bigarren aldiz Zarauzko erakusleiho politena izendatu dute nirea.

Hala da. Momentu honetan Zarauzko erakusleiho politena daukazu. Nola definituko zenuke?

-Niri asko gustatzen zait denda hau, nire ilusioa da eta beti hartzen dut gogoz erakusleihoa apaintzea. Sinplea bezain erakargarria dela esango nuke. Gai asko nituen buruan eta denen artean, opariarena aukeratu nuen. Askok esango dute oso gai materiala dela baina indarra du nire aburuz. Ez dira opariak bakarrik, erakusleihoaren alde batean bizitza opari bat da esaldia jartzen du eta jendea horrekin gera-tzea nahiko nuke.

Eta nondik etorri zitzaizun ideia?

-Urte garai honetan opariak izaten dira protagonista eta horregatik aukeratu nuen bereziki. Bestetik, askotan gauza materialei ematen diegu garrantzia eta azkenean, garrantzitsuena bizitza dela uste dut. Hori helarazi nahi nuen.

Ordu askotako lana edukiko duzu dena apaintzen, bada...

-Bai, lan asko du erakusleiho batek. Ideia bat buruan daukadanean marrazkiak egiten hasten naiz paper batean eta ondoen iruditzen zaidana irudikatzen dut. Batzuetan asmatu izan dut, beste batzuetan ez ordea. Ni izatez diseinatzailea naiz eta horregatik, beharbada, gustuko dut horrelako lanak hartzea denda apaintzeko. Gabonaz gain, urtaro guztietan apaindura ezberdin bat egiten dut. Esan beharra daukat kurtso bat baino gehiago ere egin ditudala honen inguruan.

Eraginik ba al du lehiaketa hau irabazteak bezeroengan?

-Bai, azkenean jendeak denda kokatu egiten du eta hori oso garrantzitsua da. Kale hau ez da oso komertziala eta horrelako sarien bitartez herritarrak bertara gerturatzen dira jakin-minez. Egun hauetan ere jende asko ari da dendara etortzen zoriontzeko asmoz. Pozgarria da.

Noiz arte izango dute bezeroek denda horrela apainduta ikusteko aukera?

-Erregeak pasa ondoren kenduko dut. Beherapenak datoz ondoren eta orduan, aldatu egin behar izaten dut erakusleihoa.

Hurrengo urteko Gabonetarako ideiak pentsatzen hasita egongo zara...

-Bai, hasi naiz. Beti izaten ditut ideia bat baino gehiago buruan. Ikusteko ordea, hurrengo urtera arte itxaron beharko da. Gainera, epaimahaikidea izango naiz datorren urteko edizioan. Beraz, ezingo dut parte hartu txapelketan. Hala ere, apainduko dut denda.

Herri bat. Zarautz esango nuke.

Hondartza bat. Zarauzko hondartza.

Mendi bat. Pagoeta.

Paisaia bat. Zarauzko Santa Barbara auzotik dagoen paisaia asko gustatzen zait.

Txoko bat. Itsasoaren lasaitasunean lagunekin Malekoian egotea.

Festa bat. Zarauzko Euskal Jaiak.

Jaki bat. Parrilan egiten den edozer gauza entsalada eder batekin.

G

ipuzkoatzen